euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako emakume futbol selekzioak Euskadi gainditu zuen Buenos Airesen jokaturiko 'partida historikoan'

2007/04/12

Euskadiko futbol selekzioko jokalari batzuk partidua jokatu ostean (argazkia BasqueHeritage.com)
Euskadiko futbol selekzioko jokalari batzuk partidua jokatu ostean (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Defensores de Belgrano estadioak hartu zuen joan den ostiralean Euskadi eta Argentinako emakume selekzioak bildu zituen partida. Bi taldeak elkarren kontra jokatzen zuten bigarren aldia zen eta berriz ere Argentina izan zen garaile, 4-2 emaitzarekin. Galdu arren pozik agertu zen Sebastián Martija Euskadiko entrenatzailea. 'Euskadiko selekzio bat Ameriketara jokatzera ateratzen den lehen aldia da', esan zion BasqueHeritage.com-i, 'horregatik partida historikoa da guretzat'.
Partida hau jokatzeko aukera joan den irailaren 2an hasi zen forma hartzen. Orduan Euskadiko selekzioak Euskadiko nesken futboleko ordezkariaren omenez partida bat antolatu zuen eta Argentinako selekzioa gonbidatu zuen Euskal Herrira. Ekimenak arrakasta izan zuen eta bigarren partida bat antolatzeko aukera ikusi zuten arduradunek, oraingo honetan Argentinan. 'Argi dago partida zaila izango dela, Argentina Mundialerako klasifikatu berria baita', zioen Arrate Orueta jokalariak joan den ostegunean, taldeak Argentinan egiten zuen bigarren entrenamendu saioan. 'Baina esperientzia ahaztezina izango da. Argentina bezalako talde indartsu baten aurka nazioarteko partida jokatzera etortzea, nahiz eta partidu ofiziala ez izan; eta gainera Euskadirekin, gure herriarekin etortzea, ahaztezina da'.

Ostiralean jokatu zen partidan Euskadiko selekzioko 11. jokalariaren iragarpena bete egin zen. 12. minutuan Argentinak lehen gola sartu zuen eta, nahiz eta euskal jokalariak gogotsu aritu, partidari buelta ematea zaila izan zuten. Azkenean Argentina --Brasilekin batera Hegoamerikako talderik indartsuenetako bat-- izan zen garaile 4-2ko emaitzarekin. Bertakoen esanetan, emaitza aurkakoa bada ere, ona da nazioarteko partidetan lehen pausoak ematen ari den euskal taldearentzat.

'Partida historikoa'

Horrela deskribatzen du Sebastian Martijak, Euskadiko entrenatzaileak Buenos Aireseko Defensores de Belgrano estadioan jokatutako partida, eta BasqueHeritage.com-i eginiko adierazpenetan Euskadiko nesken selekzioa Euskal Herritiko kanpo jokatzera ateratzen den lehen aldia dela nabarmendu zuen. 'Atzera begiratuz gero ikusiko dugu Euskadiko selekzioak ez duela sekula Argentinan jokatu, ez neskenak ezta gizonezkoenak ere'. [Ezkerreko irudian partidako jokaldi bat (argazkia BasqueHeritage.com)]

Aurrekari historiko bat izan zen, 'gizonezkoen Euskadiko selekzio bat, gerra garaian, orain dela 70 urte. Partida batzuk lotuta zituen, baina orduan FIFAK selekzio haren aurka jokatzea debekatu zien Argentinako klubei. Horregatik diot partida historikoa dela'. Euskal kirol ordezkaritzaren egonaldia Buenos Aires hirian bisita turistikoa egin eta Laurak Bat Euskal Etxean eginiko afari batekin bukatu zen.

Taldeko partaideak

Euskadiko selekzioa honoko jokalariek osatu zuten: Vanessa Rodriguez (euskaldunen lehen gola egin zuen, 65. minutuan), Eva Ferreira (bigarren gola egin zuen, 76.ean penaltiz), Gurutze Fernandez, Itziar Gurrutxaga, Eli Ibarra, Tzibi, Marta Moreno, Amaia Olabarrieta, Arrate Orueta, Ainhoa Tirapu eta Erika Vazquez, denak Athletikekoak; Gurutze del Ama, Maite Lizaso eta Evelyn Santos, Realekoak; María Sánchez, Nafarroako Lagunak taldekoa; Maider Castillo, Levanten aritzen dena; Ane Bergara, Espanyol-en eta Mari Paz Azagra, Rayo Vallecano taldetik etorriak. [Eskuineko irudian Defensores de Belgrano estadioan bildutako ikusleetako batzuk (argazkia BasqueHeritage.com)]

Etorkizunerako planak

Hasieran aurkariak topatzeko arazoak izan bazituen ere, 2006ko irailean Argentinaren aurka jokatutako partidaz geroztik eskaintza ugari jaso dituzte euskal selekziokoek. Hurrengo partidak Errusia, Mexiko eta Brasil-en kontra izan daitezke. 'Hemendik aurrera gizonezkoen selekzioak egiten duen bezala egingo dugu, urtean bat edo bi partida lotzen saiatzea, selekzio bezala dugun indarra mantentzeko. Partida ofizialik ezin dugunez jokatu, gure potentzialtasuna ezagutzera emango dugu, eta ofizialtasuna aldarrikatu lortutako emaitza onekin'.


Lotura interesgarriak

Euskadiko Futbol Federakundea
www.eff-fvf.org

Euskadi Argentinaren aurka ariko da bihar Buenos Airesen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia