euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako EEetako Aberri Egunen oihartzunak jarraitzen du: Buenos Aires probintziatik Andeetaraino

2014/05/08

Barilocheko Mendiko Eusko Etxea Euskal Etxearen2014ko Aberri Eguna (argazkia Agustin A Sanchez)
Barilocheko Mendiko Eusko Etxea Euskal Etxearen2014ko Aberri Eguna (argazkia Agustin A Sanchez)

PUBLIZITATEA

Azken asteburu hauetan Aberri Eguneko ospakizunak nagusitu dira munduko hainbat euskal elkartetan. Urtero bezala, Argentinako euskal etxeak ez dira jai honetatik kanpo geratu eta mota askotako ekintzak gauzatuz gogoratu dute. Informazioa gutxinaka gutxinaka ari da heltzen gure erredakziora eta jaso ahala ari gara ematen. Gaurko artikuluan Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en eta Lizarraenea-n, Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea-n, Jose C. Pazeko Toki Eder-en, Mar del Platako Denak Bat-en eta Olavarriako Gure Etxe Maitea-n burututako ekitaldien laburpena eta baita Andeen magaleko Mendozako eta Barilocheko euskal etxeena ere.

Buenos Aires, Argentina. Apirilean zehar ospatu da Argentinan Aberri Eguna. 2014ko ekitaldi hauetako programa Cañuelasen hasi zen bertako Denak Bat euskal etxeak urtero antolatzen duen Dantzari Topaketarekin eta beste hainbat elkarteren festa eta topaketek segitu zioten, bata bestearen atzetik. Hitzaldiak, bideoak, dantza erakusketak eta afariak... proposamen ugari, asmo berarekin: Euskal Aberria gogora ekarri eta omentzea.

Aberri Eguna Brilochen II 2014 01

[Barilocheko Mendiko Eusko Etxea-ko kideek bi egunetan ospatu zuten Aberri Eguna. Apirilaren 19an ikurrina eta Argentinako bandera apaingarri zeuzkan Bazko Arrautza zozketatu zuten. Horren ostean, joan den apirilaren 26an eta hiriko Gizataldeen Pasealekuan zeremonia ofiziala egin zuten hiriko agintariak eta gainerako kolektibitateen ordezkariak lagun. Zeremonia ondoko harrera ekitaldian, bazkaltzeaz gain haritz bat landatu zuten Mendiko Eusko Etxea-koek euren egoitza berrituan (argazkiak EE)]

Aberri Eguna Euskaltzaleak-en II 2014 02

[Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena batera ospatu ziren. Apirilaren 26ko iluntzean, egoitzaren aurreko Alfonso Rodriguez Castelao Plazan bi efemeride hauei buruzko hitz batzuk zuzendu zizkien Carlos Bordagaray instituzioko lehendakariak bildutakoei. Ekintzaren baitan, abesbatzak eta etxeko dantzariek ere hartu zuten parte. Musika eta dantza emanaldia amaitu eta gero beste hizlari batzuek hartu zuten hitza: Mariana Fernandez Castellik, Independentistak taldearen izenean, Cesar Arrondok eta Dani Oiarbidek Gure Esku Dago ekimenaren izenean eta Susana Echegoyen-ek ‘A casa/Etxera’ elkartearenean. Nabarmentzekoa, Eusko Jaurlaritzaren izenean Asier Vallejo, Sara Pagola eta Andoni Martin bertaratu zirela Euskaltzaleak-eko elkarretaratzera. Festa egoitzan bukatu zen, pintxo eta kantu afari batekin (argazkiak EE)]

Aberri Eguna Lizarraenean II 2014 03

[Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxea, Ekin Argitaletxea eta Ekin Dantzari Taldea biltzen dituen Lizarraenea-n ere apirilaren 26a aukeratu zen Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 77. urtemuga ospatzeko. Mexiko kaleko etxean arratsaldeko 8:30etan hasi zen aktibitatea ‘Documental Gernika 1937’ izeneko filmaren proiekzioarekin. Afaria eskaini aurretik ohorezko Aurreskua dantzatu zuen dantza irakasle den Aitor Alavak. Afarian, etxekoek prestatutako dilistak eta euskal pastela partekatu zituzten gonbidatuek (argazkiak EE)]

Aberri Eguna Rodriguezen II 2014 06

[Maiatzaren 4raino iritsita, eta urtero ospatu izan duten bezala, Argentinako erreki tipiko batekin ospatu zuen Gral. Rodriguezko euskal gizataldeak Aberri Eguna. Aurtengo ospakizunean, gainera, eta etxeko zuzendaritzak gonbidaturik, Ekin DantzarTaldeko dantzariak arduratu ziren dantza emanaldiaz. Lizarraenea-ko gazteek Eusko Aterpea-koekin dantzatu zuten arratsaldean zehar (argazkiak EE)]

Aberri Eguna jose c pazen II 2014 04

[Buenos Aires probintziatik atera gabe baina Jose C. Paz herrian, apirilaren 27an bildu ziren Toki Eder-eko lagunak Aberri Eguna ospatzera. Zeremoniari hasiera emateko, euskal etxeko lehendakari Lidia Lucia Lechardoy-k egunaren esanahia azaldu eta dantza taldea aurkeztu zuen. Bazkaria zerbitzatu baino lehen, Gure Talde Alaia izeneko etxeko dantza taldeak Agurra, Txirikorda bikoitza eta Fandangoa taularatu zituen. Gonbidatuen artean, Gral. Rodriguezeko euskal etxeko ordezkari talde bat (argazkiak EE)]

Aberri Eguna Mar del Platan II 2014 05

[Atlantikoaren itsasertzean dagoen Mar del Plata hirian ere ospatu da Aberri Eguna. Ekintzak goizez hasi ziren, Katedralean emandako meza batekin. Bertan Denak Bat-eko dantzariek ohorezko guardia eta dantza erakusketa egin zituzten. Ospakizunarekin bukatzeko, laurogei bat lagunentzako bazkaria prestatu zuten etxekoek erakundeko tabernan (argazkiak EE)]

[Mendozako euskal etxeak ere ospatu zuen Aberri Eguna apirilaren azken igandean. Ospakizunarekin batera, Zuzendaritza Batzordea berritzeko Biltzar Orokorra gauzatu zuen Cuyo eskualdeko Denak Bat-ek. Bilera bukatzean paella bazkaldu eta euskal dantza tipikoak dantzatu zituzten etxeko kideek. Ikusi bideoa hemen (argazkiak EE)]

Aberri Eguna Olavarrian II 2014 07

[Olavarriako Gure Etxe Maitea-k goi mailako afari batekin ospatu zuen 2014ko Aberri Eguna. Topaketa instituzioaren egoitzan burutu zen eta belaunaldi guztietako euskal etxeko kideak bildu zituen (argazkiak EE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia