euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako EAJ-PNVren ehun urteko historiaz liburua plazaratuko du aurten Magdalena Mignaburuk

2013/02/15

Argentinako EAJ-PNV alderdiko kide eta lagunak Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea (argazkia EAJ-PNV)
Argentinako EAJ-PNV alderdiko kide eta lagunak Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea (argazkia EAJ-PNV)

PUBLIZITATEA

Lanak 200 bat orri izango ditu eta ardatz kronologikoari jarraituko dio. Material osagarri anitz ere ekarriko omen du, tartean eranskin dokumentala eta argazki ugari. Argentinako EAJ-PNVren historiari buruzko liburua urtearen erdi aldera egongo da prest eta aurkezpenari dagokionez, egilearen asmoa, lehenengo aurkezpena azaroan egitea da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon; ondoren Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan egiteko eta, agian, baita Durangoko Liburu Azokan ere. Argentinako aurkezpena, Buenos Airesko Liburu Azokaren baitan litzateke, 2014an.

Buenos Aires, Argentina. Eskarmentua badauka Magdalena Mignaburu irakasleak Argentinako euskal diasporaren erakundeei buruzko historia aztertzen. Izan ere, FEVAren lehenengo mende erdiko historiari buruzko liburuaren idazle izan zen Mignaburu, 2005ean. Horregatik inor gutxi harritu da proiektu berri honen arduraduna egotzi diotela jakiterakoan.

“2012ko uztailean eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxearen mendeurrena zela eta, ‘Gure Arropa’ erakusketa eraman nuen bertara. Rosarion, euskal etxeko kide ugari ezagutu nituen, euretako batzuk jeltzaleak, EAJ-PNVko kideak. Ez da ahaztu behar alderdi jeltzaleak Argentinan daukan aberriz kanpoko Batzordea Rosario hirian sortu zela, orain ehun urte”, azaldu dio Magdalena Mignaburuk EuskalKultura.com-i berarekin izandako elkarrizketan.

Liburua egiteko motibazioak

“Rosarioko bisita hartan, Argentinako Buru Batzarreko idazkaria den Fernando Lizarbe ere ezagutu nuen eta FEVAri buruzko nire lana ezagutzen zuenez, galdetu zidan ea interesaizango al nuen Argentinako EAJ-PNVren mendeurrenaz idazteko. Azken urteotan burututako ikerketa batzuei esker, ezagutua nuen EAJ-PNV-ko kideek Argentinako euskal gizataldean izandako eragina, euren abertzaletasuna, euren gorputz eta arima aritzea… Hori dena gogoan, ideia oso ona iruditu zitzaidan. Are gehiago, oso garrantzitsua izaten ari da niretzat lan honetaz arduratzea. Oso aukera ona da merezi duen gai bati buruzko ekarpen dokumentala egiteko. Eta pentsatzen dut oso baliagarria suertatuko zaiela belaunaldi berriei, ez baitute izan abertzale hauek ezagutzeko pribilegioa. Liburuak beraz, hurbilduko ditu haiengana eta sakontzera eta  ikertzen jarraitzera animatuko ditu”.

Dokumentu iturriak

Liburuak ikerketa lan handia eskatzen du eta horretan dabil buru belarri Mignaburu. Materialaren bilketa Argentinan hasi zuen, baina orain beste urrats bat eman beharrean dago eta hori dela eta Euskal Herrira abiatuko da martxoan, bibliografian sakontzen segitzeko. “Dokumentu iturriak mota askotakoak dira. Laguntza handia izan nuen EAJ-PNVko aberriz kanpoko Batzordeko lagunengandik. Euren artean aipatu behar dut Fernando Lizarbe eta bere ekarpena. Berak garrantzi handiko material asko bildu du, tartean Urazandi bildumaren hemeroteka osoa. Berari esker, baita ere, kontaktuan nabil Sabino Arana Fundazioko arduradunekin eta horien bitartez balio handiko dokumentazioan miatu ahal izango dut. Bestetik, Argentinako EAJ-PNVen agiri, FEVAren artxibo, eta euskal etxe askoren datuak ere eskura izan ditut. Elkarrizketak ere egin ditut eta gehiago egin behar ditut Bahia Blancan, Mar del Platan eta Tandilen”, azaldu digu idazleak.

Mignabururen liburuak epe historikotan bereiziko ditu atalak eta epe bakoitza alderdi jeltzalean eragin handia izan zuten gertaera historiko batekin hasiko da. Material osagarri gisa, gainera, irudi anitz bilduko ditu, dokumentu eranskinekin eta, behar izanez gero, argazki bilduma DVD bat ere ekarriko du plazaratuko den lanak.

Liburuaren aurkezpen eta zabalpena

Proiektua erabat bideratuta dago, eta data finkorik aurreratu ezin badu ere, urtearen erdi aldera prest egongo dela iragarri du Mignaburuk. “EBBren eta Sabino Arana Fundazioaren babesa daukagu data hori bete ahal izateko. Aurkezpenen behin behineko egitaraua ere doi-doi hasi gara osatzen eta xedea  lehenengo aurkezpen ofiziala azaroan egitea dela esan dezaket, Bilbon, Sabino Arana Fundazioan; ondoren EAJren lurralde batzordeak dauden hiriburuetan egingo lirateke, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Durangoko Liburu Azokan egon ahal izatea oso garrantzitsua izango litzateke eta horrekin batera, hainbat herrietako batzokietan. Proiektuak interesa piztu du hainbat lekutan eta erantzun egokia eman behar dugu. Argentinan, 2014an hasiko ginateke zabaltzen. Lehenengo geldialdietako bat Buenos Aireseko Liburu Azoka izango da, maiatz inguruan, eta gero beste herrialde batzuetan. Ezagutarazi beharrekoa da ehun urte dituen EAJ-PNVeko aberriz kanpoko Batzorde bakarraren jardunbidea”.

Egilearen jarduera

Magdalena Mignaburuk lotura sakona dauka euskal kolektibitatearekin. Iparraldeko euskaldunen ondorengoa, Mignaburu 2000 urtean hasi zen zinez euskal Diasporan parte hartzen, Euskal Herrira egindako bidaia baten ondorioz. Hortik aurrera proiektu esanguratsuetan ibili da murgilduta, beti Pirinioetako kultura hedatzeko asmoarekin. Ezaguna da FEVAren historiari buruzko bere liburua. Eta oso ezaguna da irakasleak antolatutako Euskal Herriko jantzi tradizionalen erakusketa. Izan ere, ‘Gure Arropa’ bilduma hiri eta herri askotan egon da ikusgai azken bi urteetan eta bere ibilbidea jarraitzekotan da 2013 honetan ere.

Orain, jakin-minak eta, batez ere, EAJ-PNV alderdiko ordezkari batzuei dien mirespenak bultzatuta proiektu handi hau dauka helburu. “Irakurriz eta bertako jendea ezagutuz hurbildu nintzen alderdi jeltzalera. Rosariora egindako bidaian alderdiko beste lagun batzuk ezagutu nituen, Felipe Eiheragibel, Nelida Apesteguia, Cristina Aguirre, Alicia Igarzabal, Isidro Legarreta eta Fernando Lizarbe, batzuk aipatzeagatik, eta aspalditik neukan gogoa, afiliatzekoa, gauzatu nuen. EAJ-PNV alderdiaren proiektu politikoarekin bat nator erabat eta horrela partaidetza aktiboagoa izango dut barrutik”, laburbildu digu Magdalena Mignaburuk esku artean duen ekimen berri honetaz mintzatzeko EuskalKultura.com-ekin bildu denean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia