euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkartea, Euskal Herria ezagutu eta bizitzeko beste era bat

2013/09/09

Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkarteko taldea Compostelako Katedralaren aurrean (argazkiaElkartea)
Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkarteko taldea Compostelako Katedralaren aurrean (argazkiaElkartea)

PUBLIZITATEA

Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkarteak Bidea ezagutarazi eta talde irteerak antolatzeko sortua da, besteak beste. 250 bat kide ditu eta elkarte bakarra da Argentina osoan, Erromes-egiaztagiriak diseinatu eta emateko baimena duena. Arduradunek adierazi digutenez "irteerak kostu prezioan eskaintzen ditugu; hori dela eta interneten iragartzen dituztenak baino askoz merkeagoak izaten dira". Datorren txangoa urrian izango da eta proposamena Portugalgo Bidea egitea da. 2014ko egutegian, beste bi bidaia daude: maiatzean Zilarraren Ibilbidea eta Sanabriako Bidea eginez; eta irailean, Iparrekoa, Euskal Herria zeharkatuz.

Buenos Aires, Argentina. “Elkartea sortzeko ideia 2006an otu zitzaigun. Urte hartan Done Jakue edo Santiago Bidea egiteko asmoa genuen eta bidaia antolatzen hasi ginenean ohartu ginen mundu osoan zeudela hau bezalako elkarteak baina ez Argentinan. Oso bitxia egin zitzaigun, Argentinara etorri ziren etorkin gehienak penintsulatik etorri baitziren, eta horrek bultzatu gintuen proiektuari aurre egitera”, azaldu dio Rosana Montanok EuskalKultura.com-i. “Gaur egun 250 kide inguru ditugu eta 800 izeneko datu basea. Pertsona hauek informazioa eskatzeko edo euren interesa adierazteko kontaktatu dira gurekin. Eta guk euren asmoak betetzeko lagundu ditugu”.

Kezka pertsonala bezala hasi zen ekimena elkarte sendo bihurtu zen denbora gutxian; laguntzeko helburu jakinak topatu dituen nazio mailako elkarte bat. Eta euren burua aurkeztean, honako puntu hauek aitortzen taldekoek helburutzat:

-Europako Lehen Kultur Ibilbidea eta Gizon-Emakume guztion Ondarea izendatua izan den Bidea ordezkatu eta zabaltzea
-Bidea egingo duten argentinarrei Erromes-egiaztagiriak ematea. Horretarako Compostelako Santiagoko Erromesen Harrera Bulegoren baimena du elkarteak
-Argentinatik joango diren lagunei aholkuak ematea
-Done Jakue Bideari buruzko informazioa eman eta hedatzea hitzaldi eta bileren bidez
-Proposamenak egin eta Bidearen ibilbide guztiak ezagutzeko erromesaldiak antolatzea
-Sarean ere presentzia areagotzea, bai webgunearen bidez (www.caminoasantiago.com.ar) bai Facebook-en  (Camino de Santiago Argentina)

Esperientziaren bermea

Eskarmentu handia du elkarteak honelako eskaintzak egin ahal izateko. Hasi zirenetik zazpi irteera egin dituzte eta Bidearen ibilbide nagusi guztiak –hau da Bide Frantsesa, Aragoiarra, Iparrekoa, Jatorrizkoa eta Portugaldarra– ibili dituzte, oinez eta bizikletaz. Kari horretara, Santiago Bidearen erreferente bilakatu da Argentinan eta hainbat hedabidetan argitaratu dira taldearen bidaiei buruzko artikuluak. Ikusi, adibide gisa, hemen

Jakina denez, IX. mendean Santiago apostoluaren hilobia Compostelan aurkitu zenetik, Santiago Bidea Galiziako izen bereko herrira iristeko bide garrantzitsuena bihurtu da Europako erromesentzat. Mendeak joan eta mendeak etorri, herri osoak, elizak, ospitaleak eta merkataritza-ibilbideak sortu dira Bidearen inguruan, eta kultura, historia, arte eta paisaia alorrean benetako altxorra dira gaur egun. “Mota askotako erronka edo parioa izan daiteke, alde batetik erlijiorekin dago lotuta, baina beste alde batetik kirolarekin, naturarekin, artea, adiskidetasuna, historia eta norberaren oztopoak gainditzearekin ere zerikusi handia du”, diote Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkarteko arduradunek.

Bidea Euskal Herrian

Compostelako Katedralera iristeko Euskal Herria zeharkatzen duten hiru ibilbide daude:

Bide Frantsesa Nafarroa Beheretik, Donapaleuti Bianara doana, tartean zeharkatuz Donibane Garazi, Luzaide-Valcarlos, Orreaga-Roncesvalles, Auritz/Burguete, Auritzperri/Espinal, Erro, Iruñea-Pamplona, Gares, Lizarra/Estella, Torres del Río herriak. Aukera honek baditu berezitasunak, hala nola hasierako Pirinioetako aldapak edo bidean agertzen diren herri-kale gisa sortutako herriak.

Santiagoko Bidea 2013 02

[Euskal Herria zeharkatzen duten hiru ibilbideak]

Iparreko Bidea ere zaharrenetako bat omen da. Hendaiatik doa eta hiri hauetatik pasatzen da Irun, Donostia, Zarautz, Getaria, Askizu, Zumaia, Deba, Markina-Xemein, Gernika, Bilbo, Portugalete eta Muskiz. Bidean zehar kontatzen diren elezaharrak erromesen ibiltzearen lekuko dira. Beste istorio artean, Zarautzen kontatzen dena aipa daiteke. Bertan izenik gabeko ‘Erromesaren hilobia’ dago. Kontatzen denaren arabera, hilzorian zegoen erromesa, Compostelara ez zela helduko konturatu zenean, eskatu ei zuen bere izena ez jartzeko.

Iparreko Bidea, gainera, bitan banatzen da:

-Kostaldeko Bidea: 214 kilometro luze da eta hasieratik amaieraraino arrantza eta nekazaritza paisaiak nahasten ditu. Bideak hiriak eta zelaiak zeharkatzen ditu.

-Barnealdeko Bidea: 250 kilometro luze eta Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen ditu. Bidaia honetan ikusten diren paisaiak oso ezberdinak dira elkarrekiko, hala nola, kostaldea eta mendiak, basoak eta herriak, eta gune industrialak eta baserriak.

Bide Aragoiarra, Jacatik dator eta erditik zeharkatzen du Nafarroa. Bide honek ur termalak dituen Yesa, Zangotza/Sangüesa, Liedena; Irunberri/Lumbier; Elo/Monreal eta Tiebas herriak lotzen ditu. Amaieran, Garesetik pasatzen da Bide Frantsesetik jarraitzeko.

Datozen talde irteerak

Argentinako Done Jakue Bide Lagunen Elkarteak antolatzen dituen txangoekin, Bideak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagut daitezke. Iparreko Bideari dagokionez, datorren erromesaldia 2014ko irailean aterako da. Hala ere, lehenago ere badaude eskaintzak: urriaren 4an Portugalgo Bidea egitera abiatuko da talde bat eta 2014ko maiatzean beste txango bat egingo da, oraingoan Zilarraren Bidea osatzeko. Esperientzia hau taldean egin nahi duenak elkartearekin kontaktatu ahal du helbide hauetan: caminoasantiago@fibertel.com.ar;  caminoasantiago@yahoo.com.ar.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia