Rosario, Argentina. Fernando Lizarbek Nafarroan ditu arbasoak, aitona Andosillan jaioa zuen. Bere aita, Rosarioko Nafar Etxeko presidentea. Bera Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxera hurbildu zen euskara ikastera duela hogei bat urte, eta gaur egun Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Zazpirak Baten euskara ikasi, eta irakatsi du hamar urtez. Egiari zor, nafar nortasunaren eta euskararen arteko harremanak beti interesatu izan du. Horregatik, abuztuan ekin dio ikerketa honi. Xedea Argentinako Nafarroako diasporan euskarak duen presentzia eta hizkuntza ikasteko arrazoiak islatzea da.
Lekukotasunak ari da biltzen eta dagoeneko hogei bat erregistratu ditu eta www.nafarroaargentinan.com webgunean irakurgai dauzka. Istorioak askotarikoak dira eta motiboak ugariak. Klaseak eta hizkuntzara hurbiltzeko aukerak maiz euskal etxeetan aurkitu ahal izan dira, baita, azken bolada honetan, Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen programa baten bidez ere. Horixe da, esate baterako, Daniel Remondegui Aranguren-en kasua, Buenos Aireseko Nafar Etxeko egungo presidentearena. Beste bazkide batzuekin batera, euskara eskola horiek, birtualak, jasotzen ari da.
Azpimarratzekoa da Fernandoren proiektuak Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako departamentuaren bermea jaso zuela maiatzean. Ana Ollo Hualde kontseilaria Hizkuntza Politikaren arduraduna da eta baita Kanpo Ekintzaren eta Diasporarekiko harremanan arduradunak ere. Gutun baten bitartez, interes handia erakutsi du, eta nabarmendu du ikerketak biltzen dituen kasuen azterketak lagun dezakeela agerian uzten nafarrek eta haien ondorengoek euskararen babesean izan duten eta duten rola, eta gaur egun Nafarroan bertan, helburu berarekin lan egin duten pertsonekiko elkargune izan daitekeela.
Bidali zuk ere zure lekukotasuna
Ikerketaren lehenengo etapa honetan, abendura arte, Lizarbek 50 testigantza inguru jasotzea espero du. Bere lanak 2023an jarraituko du, eta ondorioekin argitaratzeko asmoa du. “Nire helburua da erakustea hemen Argentinan badela Nafarroako diaspora bat bere hizkuntzaz harro”, esan dio Euskalkultura.eus-i. Proiektuaren logoa, zentzu horretan, oso adierazgarria gerta da: diaspora Nafarroarekin lotzen duen zubi gisa aurkeztuz euskara.
Argentinako nafarra bazara, anima zaitez eta hartu parte ikerketa honetan zure jatorriari buruzko testigantzarekin, kontatu zergatik hurbildu zaren euskarara eta zein den zure esperientzia pertsonala euskara ikasten. A4 orri batean idatzi eta bidali zure argazkiarekin batera. Urriaren 30era arte parte har dezakezu. Lekukotasunak posta elektroniko bidez honako helbidera behar dira bidali: fernandolizarbe@yahoo.com.ar.