euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxeak Euskal Kultur Jaian parte hartzera gonbidatu ditu dantzari eta musikariak

2012/03/23

'Lagun Artean' antzerki taldeko kideak Corpus Christiko 2007ko jaietan (argazkiaEE)
'Lagun Artean' antzerki taldeko kideak Corpus Christiko 2007ko jaietan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bertoko eta kanpoko euskaldunak biltzeko asmoz, Euskal Kultur Jai handi bat antolatzen ari da Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxea. Euskal kultura komunitate osoarekin partekatzea helburu duen festa hau uztailaren 27tik 29ra izango da eta, behin betiko programa ixteke, jakinarazi dute mota askotako proposamenak ari direla prestatzen, tartean ur-ekintzak Parana ibaian, umeentzako jokoak, sukaldaritza tailerrak eta dantza eta musika ikuskizunak. Kari horretara, parte hartzeko gonbite berezia luzatzen die Eusko Etxeak Argentina barru eta kanpoko euskal etxeetako dantza talde eta musikariei. Kostuei dagokienez, laster eskainiko ditu euskal etxeak ostatu prezioak.

Corpus Christi, Argentina. Tamainaz apala baina dinamikoa eta inguruarekiko sentiberatasun handikoa da Corpus Christiko Eusko Etxea. Sarritan heltzen zaigu Misiones probintziako euskal erakunde honek bertoko mbya-guarani komunitatearen alde egiten duen lanaren berri. Duela urtebete eskas, Olga Leiciaga buru duen ekipoak Tava Miri-ko mbya-guarani komunitateko haurrentzako eskola berria inauguratu zuen, Euskal Herritik lortutako diru bati esker, Gipuzkoako Foru Aldundia tarteko. Gizarte lanaren arlo honetan, garrantziko beste proiektu bat jarri du martxan gizatalde euskaldunak duela gutxi, eskualdeko beste elkarte batzuekin partaide. O´Paybo Osasun Eskola eta San Ignacio herriko Kooperatibaren arteko harremana bideratu ondoren, edateko ura heldu ahal izango da Tava Miri-ko mbya-guarani komunitateko eskolaraino.

Uztaileko Kultur Jaia

Lan handia eginez baina jai-izpiritua galdu gabe, beste berri on batekin datozkigu Corpus Christiko euskal etxeko lagunak eta dei bat luzatzen diete horretarako Argentina osoko, inguruko herrialdeetako eta Euskal Herriko euskaldunei. “Leku askotako euskaldunak bildu nahi ditugu gurera eta bertoko komunitate osoarekin euskal kultura partekatu, izugarrizko ilusioa egiten digu uztailerako prestatzen ari garen proiektu honek”, aitortzen du Olga Leiciagak helburu duten Kultur Jaia aipatuz. Hiru eguneko festa uztailaren 27tik 29etara izango da, Corpus Christiko Euskal Etxea eta San Ignacio herriko Udala eta Parrokia antolatzaile.

“Zehaztasun gehiago datorren hilean kaleratuko badugu ere, dagoeneko esan dezakegu mota anitzeko proposamenak eskainiko dituen egitaraua ari garela prestatzen, tartean ur-ekintzak Parana ibaian, umeentzako jolasak, sukaldaritza tailerrak eta dantza eta musika ikuskizunak. Honi lotuta esan behar dugu plazer handiz hartuko ditugula gure jaian parte hartzeko etorri nahi duten edonongo euskal dantzari eta musikariak. Gure etxeko ohorezko kide den Cesar Arrondo lanean ari da euskal abesbatza bat etor dadin. Gure onena jarriko dugu festa honetan eta gonbidapen irekia egiten dugu, nahi duten guztiak etor daitezen, harrera egokia egingo diegu-eta”, azpimarratu du Corpus Christiko Eusko Etxeko lehendakariak.

‘Lagun Artean’ antzerki taldearen aurkezpena

Kultur Jaiaren baitan eta zenbait eskaerari erantzunez, euskal etxeko 'Atahualpa Yupanqui' liburutegiko Lagun Artean kultur taldeak “El Casorio” izeneko antzezlana aurkeztuko du uztailaren 28ko topaketan. Hitzordua San Ignacio herriko Independencia Plazan izango da eta antzezleak entseguetan erabat murgilduta dabiltza dagoeneko.

Hilabete batzuk falta dira oraindik, baina euskal etxeak jakin arazi du jaian parte hartzeko ostatuen prezioak laster jakinaraziko dituela. Izan ere, bateko eta besteko euskaldunak eta euskaldunen lagunek hitzordua euren egutegietan sartzeko ahalegina egin dezaten nahi du.

-Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi casavascacorpus@gmail.com-era



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia