euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako CONICET eta Etxepare Institutua irailean hasiko dira elkarren arteko proiektuak burutzen

2016/07/29

Kongresua eta Ikastaroa iragartzeko afixak
Kongresua eta Ikastaroa iragartzeko afixak

PUBLIZITATEA

CONICETek eta Etxepare Euskal Institutuak sinatutako akordio baten baitan Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko dekanoa den Iñaki Bazan katedratikoak Erdi Aroko ikasketei buruzko Nazioarteko Kongresuan hartuko du parte irailean Buenos Airesen. Kongresua amaituta, ikastaro bat ere eskainiko du Bazanek Buenos Airesen. Bi ekintzak unibertsitateko ikasle eta adituei daude zuzenduta eta CONICETeko instalazioetan izango dira, Saavedra kaleko 15. zenbakian.

Buenos Aires, Argentina. Hitzarmena iaz sinatu zuten Argentinako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionalak (CONICET) eta Etxepare Euskal Institutuak, "truke akademikoa bultzatu eta erakundeen arteko zientzia eta teknologiaren esparruetan elkarri laguntzeko helburuarekin”. Akordioa aurten hasiko da gauzatzen, irailean hain zuzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko dekanoa den Iñaki Bazan katedratikoaren bisitarekin.

Akordioaren barruan, bi betebehar izango ditu Bazenek Buenos Airesen irailaren lehenengo astean. Alde batetik, CONICETek antolatutako Erdi Aroko ikasketei buruzko Nazioarteko Kongresuan “El sistema judicial del Señorío de Vizcaya en la Edad Media" (Erdi Aroko Bizkaiko Jaurerriaren sistema judiziala) izenburuko hitzaldi plenarioa eskainiko du irailaren 6an, arratsaldeko 4:15etan.

Kongresutik at, irailaren 8an ikastaroa emango du Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Gaia "Ertaroko Euskal Herrian gertatutako disidentzia erlijiosoa" izango da eta bi zatitan egongo da banatuta, goizean 10etatik 12etara, eta arratsaldean, ordu 2etatik 4etara. Bi ekintzak unibertsitateko ikasle eta adituei daude zuzenduta eta CONICETeko instalazioetan izango dira, Saavedra kaleko 15. zenbakian.

CONICETen eta Etxepare Institutuaren arteko hitzarmena

Akordioari dagokionez, proiektuaren erreferentea den Pablo Ubiernak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “hitzarmena martxan da eta orain ekintzak garatzeari ekingo diogu, Iñaki Bazanena esaterako. Asmoa da Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak hona ekarri ahal izatea eta Argentinako unibertsitateetan euskal gaiei buruzko ikerketak instituzionalizatzea. Xedea da hemen edozein unibertsitateko –publiko eta pribatuetako– ikasle eta bekadunei euskal gaietan sakontzeko edota ikertzeko aukera eman ahal izatea; beste abantaila bat ere badauka CONICET-en barruan egotea: sinatutako akordioa nazio mailako garapena izango du”.

Informazio gehiago lortzeko, helbide hauetara idatzi: imhicihu@conicet.gov.ar edo secretaria@saemed.org.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia