euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bragado bisitatu du Constantino tenore ortuellarraz biografia idazten ari den Konrado Mugertzak

2012/05/14

Konrado Mugertza, Maria Amelia Dadet eta Aldo San Pedro Bragadoko alkatea, azken hau opari hartutako Athletic-en lepokoa soinean (argazkia EE)
Konrado Mugertza, Maria Amelia Dadet eta Aldo San Pedro Bragadoko alkatea, azken hau opari hartutako Athletic-en lepokoa soinean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Munduko tenore handienetako izan zen bere garaian eta 200 bat grabaketa egin zituen, areto liriko garrantzitsuenak ere bisitaturik. Ortuellan jaio zen Florencio Constantino 1868an eta beste hamaika euskaldunek bezala jaioterria utzi eta Argentinara emigratu zuen, Buenos Aires probintziako Bragado herrian aurkituko zituelarik babesa eta bere karrera bideratzen lagundu zioten pertsonak. Gailurrean zegoela, bere izena hartuko zuen antzokia eraikitzea sustatu zuen Bragadon. Constantino Antzokia 1912an inauguratu zen. Horren Mendeurrenean gauden honetan, tenorearen biografia berri bat argitaratuko da Euskadin; horren prestaketan dabil Konrado Mugertza ikertzailea eta kari horretara bisitaldia egin du Bragadora, herriko alkatea eta bertako Danak Anaiak euskal etxea anfitrioi.

Bragado, Argentina. Ehun urte beteko dira datorren azaroan, Bragadoko Constantino Antzokiak ateak ireki zituenetik. Kari horretara, antzokiaren sortzaileari buruzko biografia liburu bat kaleratzekotan dira Euskadin, Bilbao 700 III  Millenium Fundazioaren "Bilbotar berreskuratuak" bilduman. Gogora dezagun, proiektu honetan Bilbo aldean jaio eta munduan ospea lortu zuten lagunei buruzko biografiak argitaratzen direla.

Bizkaiko Ortuellan jaioa, Florencio Constantino (1868-1919) 22 urterekin heldu zen Argentinara. Hasieran nekazaritzan aritu izan arren, urte batzuk pasa eta gero izen handiko kantari bihurtu zen. Buenos Aires probintziako Bragado herrian hasi eta 1919an Mexikon bukatu zen bere bidea, ordea, ez zen erraza ezta oztoporik gabekoa izan; izan ere, hamaika pasadizo daude kantariaren gorabeherak islatzen dituztenak. Haren biografia idazteko datu eta informazioa biltzaile ari da Konrado Mugertza ikertzailea eta horrek bultzatuta Constantinoren bizitzan hain garrantzitsua izan zen Bragado hiria bisitatu du apirilean. Udala harreragile izan zuen eta euskal etxeko eta euskal gizataldeko lagunekin ere bildu zen. 

Euskal Etxearen ordezkari eta diruzain den Maria Amelia Dadet-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Florencio Constantinori buruzko ikerketa garrantzitsuena Goyen Aguado euskal argentinarrak egin zuen. Bragadoko Udalak harek bildutako material guztiak, tartean grabaketa originalak eta argazkiak, erosi zizkion Aguadoren alargunari. Material hori miatzera etorri da Mugertza Bragadora”.. “Mikel Ezkerroren bidez jarri zen kontaktuan nirekin eta heldutakoan, harrera-ekitaldia egin genion Udaletxean. Bilkura horretan Mugertzak opari bi eman zizkion Aldo San Pedro Bragadoko alkateari: Bilbon bizi den Constantinoren birbiloba baten agur bideo bat eta Athletic futbol taldearen lepokoa. Alkateak ere eman zizkion bisitariari oroigarri batzuk, bandera bat eta herriko erakundeei buruzko liburu bat, euskal etxea ere baitaratzen duena”, azaldu digu Dadet-ek. 

Constantino Antzokia 2012 01

[Constantino Antzokian zaharberritze lanak egiten ari dira egun hauetan (argazkia EE)]

Bragadora egindako bisitan, arratsalde oso bat pasatu zuen Konrado Mugertzak bertako Artxibo Historikoan dokumentuak ikertzen eta ondoren, Danak Anaiak-eko kideekin eta bertako herritarra den Felipe Amado idazlearekin afaldu zuen. “Felipe Amado Constantinori buruzko fikziozko lan bat idazten ari da antzokiaren mendeurrenean aurkezteko”, segitzen du Dadet-ek. Bi eguneko egonaldian, Mugertzak, Avena arkitektoak lagundurik, zaharberritze lanak ikuste aldera bisitatu zuen antzokia. Lekua kultur etxea ari dira bihurtzen eta Mugertzak iragarri duenaren arabera, Florencio Constantinoren Bilbon bizi den birbiloba bat antzokiaren mendeurreneko ekitaldietan parte hartzera bidaiatuko da Bragadora.  

“Euskal etxekook Labaqui anaien Bragadoko euskaldunei buruzko liburua eta gure euskal erakundearen bideo instituzional bat oparitu genizkion Mugertzari. Eta anfitrioi gisa, errekia, matea eta Mendoza eta Patagoniako ardoak dastatzeko aukera eman genion”, kontatu digu Dadet-ek. Izan ere, Bragadok kultura arloan eta mundu mailako oihartzuna izan zuen bertako herritartzat dauka Constantino eta oso harro eta leku nabarmenduan aipatzen dute Bragadoko testu eta liburuek tenore ortuellarrak munduari bertatik egin zion ekarria, besteak beste 200dik gora grabaketa egon baitzituen eta munduko antzoki eta areto liriko garrantzitsuenetan aritu baitzen, 1919an Mexikon hil zen arte. Mexiko hiriko euskal panteoian ehortzia, duela pare bat urte, Bragadok eskaturik, bertara ekarri zituzten bere gorpuzkinak, behin-betiko bertan zaintzeko asmotan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia