euskal diaspora eta kultura
2010/06/16
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Asteburu euritsu baten ondoren, eguraldi bikaina ekarri zuen Buenos Aires probintziara maiatzeko 25ak. Giro ederra hori aprobetxatuz, Chascomus-ko euskaldunek herriko kabalkadan eta Independentzia Plazan gauzatu ziren ekitaldietan hartu zuten parte. Plaza honetan eta Gernikako kimuaren ondoan, stand bat ipini zuten 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeko kideek. Standak baserri baten itxura zuen eta han bertan euskal janari tipikoak eskaini zizkieten bisitariei. Horretaz gain, Euskal Herriko kulturari buruzko informazioa eskuratu zion publikoari baita Cesar Arrondok irakasleak Maiatzaren Iraultzaz egindako dokumentu bat ere. Testu-inguru honetan, euskal etxeko 'Eusko Hazia' dantza taldeak bere ikuskizuna aurkeztu zuen Independentzia Plaza bertan.
['Zingirako Euskaldunak' euskal etxeko kideek stand bat ipini zuten herriko Independentzia Plazan]
Beste alde batetik, 'Zingirako Euskaldunak'-eko dantzariek Ertaineko 1. Eskolako proiektu batean hartu zuten parte. Eskolako ikasleek egindako laburmetrai batean, 'Eusko Hazia'-ko kideek 1910. urteko erromeria bat antzeztu zuten.
['Eusko Hazia' dantza taldeko kideak]
Gral. Villegasko euskal etxean, berriz, hitzaldi bat antolatu zuten bertako kideek. Mikel Ezkerro irakasleak Argentinako iraultzaren prozesuan euskal partaidetzari buruz hitz egin zion bildutako jendeari. “Argentinako historian oso leku garrantzitsua izan zuten euskaldunek. Izan ere bat baino gehiago Cabildoraino hurbildu zen maiatzeko 25 hartan”, azaldu zuen Ezkerrok. “Gure herrialdearen historian zehar euskal abizenak nabarmentzen dira, Alberdi, Azcuenaga, Larrea eta Urquiza batzuk aipatzearren”, komentatu zuen irakasleak.
[Maiatzaren 29an Carlos Aznarez kazetariak hitzaldi bat eman zuen Euskaltzaleak-en]
Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian ere hitzaldi batekin ospatu zen baina maiatzaren 29an. Bigarren Mendeurrenaren inguruan euskal erakundeak antolatutako bigarren ekitaldi honetan Carlos Aznarez kazetaria izan zen hizlaria eta gaia, Hegoamerikako herrialdeen independentziarako bideak Euskal Herriaren prozesuarekin dituen loturak. “Hegoamerikako herrietan gertatu eta gertatzen den bezala, Euskal Herrian ere koloniaren boterearen kontrako borroka dago. Euskaldunen eskubideak egunero zapaltzen dira, eta hala ere Euskal Herriak eustea lortzen du. Baina euskaldunen jaso zituzten eraso guztienen artean, badago oso argi ikusten den gauza bat. Egoera honetatik ateratzeko bide bakarra negoziazio politikoa da”, adierazi zuen Aznarez-ek.
[Hitzaldia bukatuta, Euskaltzaleak-eko kide eta lagunek "locroa" afaldu zuten]
Hitzaldia bukatuta, Euskaltzaleak-eko kide eta lagunek locroa (kalabaza, artoa eta babarrunak dauzkan plater tipikoa) partekatu zuten. Afalostean, kantak eta dantzak alaitu zuten gaua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus