euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinar banderaren sorreraren bigarren mendeurrenean, Rosarioko Zazpirak Bat ekitaldietako partaide

2012/03/05

Zazpirak Bat euskal etxeko lagunak Argentinako Banderaren bigarren mendeurrenean (argazkiak EE)
Zazpirak Bat euskal etxeko lagunak Argentinako Banderaren bigarren mendeurrenean (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Ekitaldi anitz antolatu ziren joan den otsailaren 27an Argentinan zehar nazio banderaren omenez. Izan ere, berrehun urte bete ziren bandera zuri-urdin argia ikur nazionaltzat lehenengoz erabili zenetik Rosario hirian, Parana ibaiertzean. Rosario bera izan zen ekitaldi ofizialen egoitza eta bertan, hiriko udalak gonbidaturik, Zazpirak Bat euskal etxeak parte-hartze nabaria izan zuen protokolozko ekintzetan. Batetik, ohorezko plaka eta lore sorta eskaini zuten euskaldunek lehenengo oihal hura brodatu zuen Maria Catalina Echevarriaren oroimenez. Bestetik, bat egin zuten beste erakundeetako buruekin Banderen Aretoan egindako zeremonian. Ospakizuna zuzenean transmititu zuen internetez Zazpirak Bat-eko 'Mendeurreneko mikroguneak'.

Rosario, Argentina. “Ehun urte abertzaletasun” (hau da Zazpirak Batek bere mendeurrena ospatzeko hautatu duen leloa) abian da jadanik eta euskal etxe rosariotarreko kideak urte hasieran proposatutako egitaraua betetzen hasiak dira. Otsailaren 27an eta hiriko beste instituzio eta gizataldeekin batera  omenaldia egin zion euskal etxeak Argentinako Banderari, ikur nazionalaren Bigarren Mendeurreneko ekimenetan.

Rosarioko Udalak gonbidaturik, Maria Catalina Echevarriaren omenezko plaka eta lore eskaintza utzi zuten Zazpirak Bat-eko agintariek, Banderaren Monumentu Nazionaleko Juramento pasabidean. Gogora dezagun Maria Catalina Echevarriak, 1782an Argentinan jaioa eta euskaldun baten alaba, Belgrano generalak hala agindurik brodatu zuela 1812ko otsailaren 27an altxatu zen lehenengo bandera hura.

Banderaren bigarren mendeurrena 2012 01

[Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxekoek Maria Catalina Echevarria-ri eskaini zizkioten ohorezko plaka eta lore sorta (argazkia EE)]

Ospakizunaren baitan, Zazpirak Bat-eko lagunek Bandera mastan igotzeko ekitaldian hartu zuten parte. Goizeko 8etan hasi zen zeremoniara Enrique Otaño euskal etxeko lehendakaria, Nelida Apesteguia idazkaria eta Luis María Barrandeguy baztordekidea bertaratu ziren, besteak beste. Masta nagusian bandera altxatu ondoren, agintari eta ordezkariak Banderen Aretora bildu ziren omenaldiarekin jarraitzeko.

Ekintza hauek guztiak zuzenean ikusi ahal izan ziren otsailaren 27an euskal etxeak bere mendeurrena ospatzeko inauguratutako online transmisiotarako webgunean, www.zazpionline.com.ar helbidean. Protokolo ekintzak bukatzean, 'Euskaldun hitza' irratsaioaren aurkezle den Luis Maria Barrandeguyk elkarrizketa bat egin zion bertatik euskal etxeko Otaño lehendakariari.

["Ikurriñak Argentinar Aberriko Ikurra agurtzen du" izenpeko atalean, bideo hau euskal etxearen webgunean ere ikus daiteke, www.zazpirakbat.com helbidean (bideoa EE)]

Bestela, euskal etxeak goian ipini dugunm omenezko bideoa egin zuen Argentinako Banderaren bigarren mendeurrenerako. Bideoan ikurrinak agur sinbolikoa egiten dio bandera zuri-urdin argiari. Azpimarratzekoa da artikuluan aipatutako ekintzen bideoak ere badaudela web orrian joan den asteburutik aurrera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia