euskal diaspora eta kultura
2012/03/20
PUBLIZITATEA
Azul, Argentina. Duela berrehun urte Manuel Belgranok lehenengoz altxatutako bandera zuri-urdin argia mota askotako omenaldien protagonista izan zen otsailaren 27an, izan ere data horretan ofizialki eta Argentina osoan ikur nazional honen Bigarren Mendeurrena ospatu zen jai jendetsuekin. Baita Buenos Aires probintziako Azul herrian ere, bertan Udal Parkera bildu zirelarik herritarrak zeremonia gauzatzeko.
Ekitaldian, Jose Inza alkateak eta Alejandro Lozano Kontseilu Erabakitzaileko lehendakariak igo zuten bandera eta ondoren Argentinako ereserkia abestu zen. Segidan, Juan Sarasola katedraleko apaizak otoitz bat eskaini zuen eta errezoa bukatuta alkateak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutako lagunei. Kanpoko gizataldeen banderak ere partaide izan ziren zeremonian, tartean ikurrina, Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko kideek eramanik.
Topaketak eta ikastaroak
Ikasturte hasiera honetan, Gure Txokoak urtean zehar egin ohi dituen lagun arteko afariei ere ekin zien. Bazkideei eta lagunei zabalik den proposamena da. Urteko lehenengoa, otsailaren 24a, egin zen, eta euskal etxetik dioskutenez, "Zuzendaritza Batzordeko emakumeek prestatu zuten gero bildu ziren jendeekin partekatu zuten menua". Hurrengo afaria, martxoaren 23rako, datorren ostiral honetarako iragarri dute.
Komunitateari begira, euskal etxeak tailer eskaintza polita luzatzen die interesatuei. Alde batetik eskulan eskolak emango dira Gure Txokoan. Bestalde, kantu, dantza eta euskara klaseetan parte hartzeko izena emateko epea irekita dago. Euskara eskolak martxoaren 30ean hasiko dira bertoko Elisabeth Etchegaray eta Cynthia Uberuaga irakasleen ardurapean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus