euskal diaspora eta kultura
2013/05/28
PUBLIZITATEA
S.O/Arrecifes, Argentina. Mito asko daude 1810. urteko Maiatzaren 25aren inguruan. Batzuk oso baliogarriak dira tradizio eta folklorea mantentzeko eta horregatik ikasi ditugun bezala errepikatzen ditugu; beste batzuk, ordea, zalantzan jartzen dira iragana hobeto ezagutu ahal izateko. Ukatu ezin dena da guztiak izan direla ezinbestekoak hona heltzeko. 203 urte pasatu dira Espainiatik independentzia lortzeko ezarriak jarri zirenetik eta 2013an ere jende anitz atera da Maiatzaren 25ean urteurreneko ospakizunetan parte hartzera.
Euskal etxeak festa honetako parte izan dira Argentina osoan zehar, bai herrietako jai orokorretako euskal ordezkari eta partaide gisa, baita ere euskal etxeetan ekitaldi propioak proposatuz argentinar aberriarekiko engaiamendua adieraztearren. Hona 2013ko Maiatzaren 25eko euskal ekitaldi eta partaidetzen lagin bat.
[Udalak gonbidaturik, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak Buenos Aires probintziako Todd herriko jaian hartu zuen parte. Euskal instituzioko ordezkaritza batek Argentinako Bandera eta ikurrina eraman zituen herrian zehar ibili zen kabalkadan. Jaiak eskoletako ikasle eta irakasleak, herriko agintariak, dantzariak eta ‘gaucho’ tipikoak batu zituen (argazkiak Monica Teves)]
[Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegian bezperan ospatu zen Maiatzeko Iraultzaren eguna. Hitzordua ostiralean izan zen eta proposamena, ‘Gazta Zati Bat’ dokumentala ikusi eta etxeko ‘lokroa’ dastatzea. Egoitzako lanak buruturik, tarteko estaia estreinatu zuten euskaltegiko lagunek. Aretoa, gainera, ikurrinez eta zerrenda zuri eta urdin argiz zegoen apainduta (argazkiak EE)]
[Cañuelas hirian, 3 zenbakidun eskolan burutu zen ekimena. Bertan bildu ziren hiriko agintari eta erakundeetako ordezkariak ospakizun ofizialetan parte hartze aldera. Euskal gizataldearen izenean, Denak Bat Euskal Etxeak eraman zuen ikurrina gainerako kolektibitateen ikurrekin batera altxatzeko. Argazkian Kaito Cardoso, Daniela Rodriguez, Valentina Cartasegna eta Mercedes Solimine (argazkiak EE)]
[Chacabuco herrian ere ospatu zen Maiatzeko Iraultzaren 203. urtemuga. Zeremonia goizean goizik hasi zen Argentinako bandera mastan gora igotzeko ekitaldiarekin; ondoren lore sorta utzi zen Maiatzeko Piramidean eta hori bukatzean Tedeum-a egin zen. Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko kideak partaide izan ziren egun osoan zehar gauzatu ziren ekimenetan (argazkiak EE)]
[La Plata hirian bi efemeride gogoratu ziren elkarrekin joan den Maiatzaren 25ean. Alde batetik, Maiatzeko Iraultzaren urteurrena. Bestetik, euskal etxearen 69. urtebetetzea. Festa euskal egoitzako ‘Toki Alai’ aretoan egin zen eta afariarekin batera musika eta dantza ikuskizunak eskaini zizkien erakundeak gonbidatuei. Etxeko abesbatzak eman zion hasiera elkarretaratzeari; afalostean, dantzariak atera ziren agertokira. Aipatzekoa da Necocheako dantzari batzuek ere hartu zutela parte jai honetan. Ospakizunaren baitan, Euzko Etxea Euskal Etxearen historiari buruzko argazki erakusketa egon zen ikusgai (argazkiak EE)]
[Sei dantza talde, ehun bat erakunde, hiru mila partaideren desfilea eta publiko andana izan ziren Chubut probintziako Puerto Madryngo ospakizuneko ezagugarriak, Patagonian. Eta Etorritakoengatik Euskal Etxeko lagunak jai erraldoi honetako protagonista izan ziren beste hainbat elkarterekin batera. Ikurrina eramateaz gain, etxeko dantzariek Euskal Herriko dantza tipikoak egin zituzten agintarien tribunaren aurrean (argazkiak EE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus