euskal diaspora eta kultura
2009/02/23
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. Euskal Odola elkartea lan handia egiten ari da euskal kultura zabaldu eta ezagutzera emateko Argentinako Buenos Aires probintziako herri honetan, eta horren seinale da azken asteetan 500 bazkideen marka gainditzea lortu duela. Era beren elkarteko arduradunak oso harro agertu dira Euskal Odolak egoitza bezala alogeran duen lokalaren berrikuntza lanak aurrera atera direlako, eta osorik elkarteak berak ordainduta atera, gainera.
Egoitza horietan egin zen joan den otsailaren 15ean Fabian Veloz baritono ayacuchotarraren kontzertua. Kantaria elkarteko bazkidea da eta nazioarteko ibilbide oparoa egiten ari da. Argentinako ordezkaria izan zen Berlingo Kantu Jaialdian, otsailean New Yorken American Society-rekin kantatu zuen eta Buenos Aireseko Colon Antzokiko eta La Platako Antzoki Argentinarreko kantari taldeko kide finkoa da.
Kontzertuan Velozekin batera Veronica Julio sopranoa eta Diulio Smiriglia tenorea aritu ziren. Biak Velozen lankideak dira Colon Antzokian. Hiruek batera ariak, canzonetak eta kantu herrikoiak eskaini zituzten, eta elkarteko entzuleentzako opari berezi bezala bi euskal kantu ere prestatu zituzten. Ekitaldiak arrakasta 'biribila' izan zuen, lekukoek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez. Euskal etxearen egoitza jendez lepo zegoen eta 50 bat lagunek kanpoan gelditu behar izan zuten. Jendearen interesa dela eta elkarteak datozen hilabeteetan kontzertu berri bat antolatuko duela iragarri du.
[Euskal Odolako bazkide batzuk kantariekin (galaz jantzita): Fabian Veloz baritonoa, Veronica Julio sopranoa eta Diulio Smiriglia tenorea]
Herriko artisten promozioa
Ekitaldiak, 'Ayacuchoko girorako, nahiko atipikoa' izanagatik erantzun ezin hobea lortu zuen. Kontzertua Euskal Odola egiten ari den egitasmo zabalago baten parte zen: herriko artisten lana sustatu eta zabaltzea. Emanaldiak 'lirika eta kantua inoiz herrian entzutea irudikatu ezingo luketen lagunengana ekartzeko aukera' eman zuen. Gainera, aipagarria da euskal etxearen politika jarraituz sarreren prezioa 30 pesokoa zela, ahalik eta jende gehienen eskura egon zitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus