euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Alza familiako berrehundik gora kide bildu ziren Maipú-n euren lehenengo senitarteko topaketan

2007/05/16

Irunen jaio zen Pedro Alzaren 3, 4, eta 5. belaunaldiko ondorengoak (argazkia Alza familia)
Irunen jaio zen Pedro Alzaren 3, 4, eta 5. belaunaldiko ondorengoak (argazkia Alza familia)

PUBLIZITATEA

Alza familiako 235 kide argentinar, eguraldi kaxkarra eta euriari aurre eginez, Buenos Aires probintziako Maipú hirian bildu dira irundar jatorriko sendi honek egin duen Lehen Topaketan. 1875. urteaz geroztik Altza deituradun irundar batzuk Argentinara heldu eta bertan geratzea erabaki zuten 'adar eta ondorengo ugari izan dituen leinuari hasiera emanez', adierazi dute ekitaldiaren antolatzaileek. Lehen topaketaren arrakastaren ondotik, finkatua da dagoeneko bigarrenerako hitzordua: 2008 apirileko hirugarren igandean. Familiako kide guztiei parte hartzeko gonbitea luzatzen diete antolatzaileek.
Irungo Alza anai-arreben ondorengo argentinarrek euren lehen familia topaketa egin zuten Maipu hirian, joan den apirilaren 22an. Topaketak 235 senitarteko bildu zituen. Horien artean gazteena Lucía Bufarini haurra, 10 hilabeterekin, eta nagusiena Ofelia Ester Alza de Travella ('Fila'), datorren astean, maiatzaren 23an, 83 urte beteko dituena. Bi ondorengoek, bostgarren belaunaldikoa bata eta bigarrenekoa bestea, opari bana jaso zuten: txupete bat eta Alza familiako bertaratutako kide guztiek sinatutako idazkia.

Lehendabiziko bilkura hau Maipuko parrokia batean egin da. Topaketa meza elizkizun batekin hasi eta apaizak 'bilkurari buruzko hitz ederrak egin zituen, parte hartzaileei bedeinkapena emanez, eta maitasunez beteriko eguna izango zela esanez', azaldu diote antolatzaileek BasqueHeritage.com-i. 'Ondoren, elizan bertan besarkada, muxu eta oihuen txanda heldu zen, denbora luzean elkar ikusi gabe zeudenak topatu ahala. Beste batzuentzako emozioa lehendabizikoz senitarteko bat ezagutzen zutelako zen'.

[Goiko irudian Pedro Alzaren ondorengoen adarretako bat,; hirugarren, laugarren eta bostgarren belaunaldiko kideak (argazkia Alza Familia )]

Jatorria ikertzen

Lehen bilkura honi esker familiako kide askok Alzatarren jatorriari buruz egin den ikerketa ezagutu ahal izan zuten. Ikerketa luzea eta zaila izan da, urte asko behar izan dituena. Dokumentu ugari bildu eta miatu dituzte familiako ikerlariek eta partikularzki mormoien elizaren nazioarteko artxibategia informazio iturri garrantzitsua bilakatu zitzaien. Informazio iturri arras baliotsua izan zen baita ere Fermina Mariezcurrena Alza de Bustosek Irunera egin zuen bidaia.

Ostera hartan Mariezcurrenak Irungo parrokia eta kanposantua bisitatu zituen, eta, batez ere, familiaren bertako adarreko kideak ezagutu eta elkarrizketatu zituen. Lan hori guztiari esker familiaren zuhaitz genealogikoa osatu ahal izan dute, XVIII. mendean hasi eta XX. eta XXI. mendeetan ondorengoek Argentinako Mar del Plata, Maipú, Olavarria, Lobería, Río Colorado eta Ayacucho hirietan egindako bidea bilduz. [Ezkerreko irudian genealogia aztertzen (zutik) Susana Alza de Rech eta Mariana Luengo Alza, (eserita) Fermina Mariezcurrena Alza eta Marcela Luna de Alza]

Hurrengo topaketa, 2008ko apirilean

Topaketaren antolakuntza Susana Alza de Rech (Susi) eta Reinaldo Alzaren (Negro) esku egon zen, biak Pedro Alzaren ondorengoak, eta gainerako kideen laguntza ere izan zuten: Fito, Marcela de Rech, Fermina Mariezcurrena Alza eta familiako kide gazteagoena. Topaketan parte hartu zuten 235 Alzatarrak honako hirietatik heldu ziren: Choele Choel eta Río Colorado (Río Negro), Jacinto Aráoz (La Pampa), Buenos Aires hiriburu federaletik; eta Buenos Aires probintziatik, berriz, Lobería, Ayacucho, Las Armas, General Guido, General Pirán, Coronel Vidal, Olavarría, Tandil, Maipú, Villa Gesell, Mar del Plata, Rauch eta General Madariaga-tik. Aurtengo arrakasta ikusita, datorren urterako data ere jarria da dagoeneko: apirileko hirugarren igandean. Antolatzaileek Alza familiako kide guztiei bilkura berri honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diete.


Lotura interesgarriak

Alzatarran argentinar ondorengoek bilkura egingo dute
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 16an

Alzatarrak Uruguai eta Argentinan
José Osmar Alza Aramburu-ren webgunea

Alza Elosegui anaia-arreben zuhaitz genealogikoa emigratu arte
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Iloben zuhaitza, Manuel Alza Elosegui-ren seme-alabena
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Pedro Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarren zuhaitza
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Juan Mari Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarren zuhaitza
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Gabriela Josefa de Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarrak
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Azken zuhaitzak, bidaia Euskal Herrira, Alzatarrik AEBetan
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Alza-Altzari buruz Auñamendi Entziklopediak dioena
www.euskomedia.org webgunean

Donostiak bereganatu zuen Altza herriari buruzko berri
www.altza.net-en barnean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia