Lazkao, Gipuzkoa. Pandemia egoeraren eta Filomena ekaitzak Madrilgo aireportura bidaiatzeko ekarritako zailtasunen gainetik, Lazkaon ari dira dagoeneko buru-belarri, joan den astelehean hasita, euskara maila polita daukaten Argentina eta Uruguaiko hamar gazte --urte hasieran gehiago ziren izatekoak, baina egoera konplikatuak eta bidaiatzeko oztopoek bajak eragin dituzte--, 'Euskara Munduan' programa barnean 2019 urte erdialdean azterketak egin zituztenak eta orain euren formakuntza urrats garrantzitsu honekin aberasten ari direnak.
Lazkaoko Maizpide Euskaltegian otsail amaiera arteko egonaldia osatuko duten hamar gazteok argentinarrak (8) eta uruguaitarrak (2) dira: Uruguaitik, Andrea Bella eta Laura Moreno; Argentinatik, Sebastian Amaya (Laurak Bat), Begoña Tisera (San Nicolás), Lautaro Piñeira (Mendoza), Marcial Agostini Zubillaga (Necochea-La Plata), Anabel Jaureguiberry (Euskaltzaleak), Florencia Deniz (Villa María), Marcela Inda (Euskaltzaleak) eta Alfredo Laborde (Tres Arroyos).
Taldea joan den ostegunean iritsi zen Loiura, euren abiatzea Filomena ekaitzak baldintzatu eta atzeratuta. Loiutik Lazkaora eta bertan harreragile izan zituzten Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi eta Maizpide Euskaltegiko zuzendari Laida Begiristain. Lehenengo jarraipideen ondotik eta asteburua pasata, astelehenean hasi zuten, bi taldetan banatuta --B2 eta C1 mailetakoak-- goizean lau ordu euskara eskola eta arratsaldez bete bi ekartzen dizkien egitaraua, otsailaren amaiera arte segituko dutena. Otsailean beste partaide bat da biltzekoa, Txiletik.
EuskalKultura.eus-ekin egin dituzten hitzetan, zinez pozik eta erabateko ilusioz azaldu dira, eta euren esker ona adierazi diote Etxepare Euskal Institutuari eta 'Euskara Munduan' programari, baita Maizpideko irakasle eta langileei ere. "Primerako harrera jaso dugu, ikaragarri ongi tratatzen gaituzte eta gure euskara nabaritzen hasia da barnetegiaren eragina. Kontent gaude eta jaten ere bikain ematen digute. Paseatzeko aukera ere izan dugu, Lazkaomendi bisitatzeko eta atzo bertan Jon Maiaren hitzaldi batean parte hartu genuen, interesgarria oso", aitortu digute.