euskal diaspora eta kultura
2011/01/25
PUBLIZITATEA
Rio Cuarto, Argentina. Urtarrilaren 17tik 29raino luzatuko da Gure Ametza Euskal Etxeak, Cordoba probintzian, antolatu duen barnetegia, FEVA eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Rio Cuarton 22 irakasle bildu dira: gehienak Argentinakoak (Rosario, Cordoba, Azul, Viedma, Mendoza, Trenque Lauquen...) baina baita ere Uruguaikoak, Brasilgak eta Txilekoak. Peru eta Kolonbiako irakasleek ezin izan dute aurten parte hartu, arazo ekonomikoak medio nonbait.
Eurekin batera ari dira Kinku Zinkunegi (Euskara Munduan-eko koordinatzailea), Gabriela Mendia (FEVAko idazkari teknikoa), Jon Urdangarin (Maizpide euskaltegiko irakaslea) eta Gabriel Arce (Buenos Aireseko irakaslea). "Aipagarria da Gabriel Arceren kasua, izan ere, aurreko aroko taldean trebatu zen bera, EGA atera zuen, eta orain berarena bezalako prozesua egiten ari direnen irakasle da", azaldu dio Euskalkultura.com-i Kinku Zinkunegik.
Euskaraz bizi
Urtero legez, barnetegian irakasleak ikasle bihurtu dira, eta bertan aukera ari dira izaten urtean zehar landu dituzten edukiak praktikan jartzeko, mintzamena lantzeko eta elkarren arteko esperientziak trukatzeko. Eta horrez gain, egunean 24 orduz ari dira euskaraz.
"Irakasle hauek egiten duten lana azpimarratu nahi dut", azpimarratzen du Kinki Zinkunegik. "Gehienak langileak dira, bakoitzak bere ogibidea dauka eta gainera euskara ikasten ari dira 2008ko urtarrilaz geroztik (gehienak zerotik hasi ziren). Barnetegietan parte hartzeko, oporraldiak erabiltzen dituzte eta, gehienak, ikasi ahala irakasle ari dira euskal etxean", gehitzen du Zinkunegik. "Horrek garbi erakusten du euskararekiko duten atxikimendua eta horrexek ematen die jarraitzeko indarra".
[Rio Cuartoko barnetegiaren afitxa]
Progresioa Euskal Herrian bezala
Aipagarria da, ikasle hauen progresioa Euskal Herriko edozein talderen parekoa dela, izan ere, mailarik baxuena duen taldeak urtean urrats bateko abiadura darama, eta altuenekoek berriz ia 2 urratsena.
"Barnetegi honen ondoren, aurrera egiteko, bi taldetan banatuko ditugu irakasle berriak, bakoitzaren mailaren arabera, izan ere, denek ez dute gaitasun eta erritmo bera. Elkarrekin hasi baziren ere, prozesuan aurrera egin ahala, aldeak nabarmentzen hasi ziren eta, horrela, 2009tik aurrera bitan banatu genituen. Geroztik, urtero, urtarrileko barnetegiaren ondoren egiten dugu talde bakoitzaren doiketa", azaltzen du HABEko teknikariak.
Kongresua azaroan
2007ko Euskal Gizataldeen Mundu Kongresuan aurkeztu zen irakasle hauen trebakuntza plana eta hauxe da harrez gero egin den 6. barnetegia. Aurten, 2011an, berriro egingo da Kongresua, Donostian, eta hor aurkeztuko dituzte aro honetako emaitzak eta balioespenak eta hortxe erabaki beharko da datozen urteetarako egitasmoa. Bitartean, beste barnetegi bat geratzen da, 2011ko uztailean egingo dena, eta horrekin amaitutzat joko litzateke aro hau.
Euskara Munduan egitasmoaren baitan, munduko euskal etxeen erdiak ditu euskara eskaintzeko baliabideak Aurten HABEk 24 hitzarmen sinatu ditu, 21 euskal etxerekin zuzenean eta 3 federakuntzekin (FEVA-Argentina, FIVU-Uruguai eta NABO-Ipar Amerika). Horiei esker, 21.903 eskola ordu finatziatuko ditu eta 2.000 gora dira erregularki ikastera doazen ikasle helduak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus