euskal diaspora eta kultura
2013/04/04
PUBLIZITATEA
Lima, Peru. Iazko edizioko garaile izan zelarik Limako Euskaletxea izan da aurtengo Mercomus txapelketaren antolatzailea. Lehiaketaren programa atzo abiatu zen, Argentina, Txile, Peru, Uruguai eta Venezuelako jokalarien etorrerarekin. Partidak astean zehar jokatuko dira, larunbata bitartean, baina, horrekin batera, kultur egitarau zabala prestatu du Limako antolakuntza batzordeak, kanpotik eta bertatik etorritakoek Limak ezaugarri dituen historia, turismo, gastronomia eta bestelako balioak dastatu ahal izan ditzaten.
Euskaletxea --Limako euskal etxeak honela idazten du bere izena-- izango da txapelketaren egoitza eta bertan jokatuko dira partidak. Elkarteko bazkideak eta Limako muslari eta mustzale asko inguratu dira egoitzara lehia ikusteko. Gaur gauean gala afaria egingo da euskal etxean, txapelketako muslariei euskal-peruar abegikortasuna adieraztearren. Menua euskal gastronomi dastaketa batek osatuko du.
Itxiera afaria
Larunbatean jokalariek eta eurekin etorri diren ordezkaritzek zaldien jauzi erakusketa bat ikusiko dute Liman eta ondoren Peruko gastronomia tipikoan oinarrituriko bazkaria egingo dute. Egun berean, gauez, txapelketaren itxiera afaria egingo da Euskal Etxean, sari banaketarekin. Bertako Euskal Abesbatzak parte hartuko du ekitaldian.
Limako Euskaletxeak iragarri du, bestalde, Peruko euskaldunei buruzko kultur ekitaldi berezi bat aurkeztuko duela txapelketaren baitan. Horrez gain, egunero berri buletin bat plazaratuko du, partiden emaitzekin eta txapelketako azken albisteekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus