euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina, Txile eta Uruguaiko 22 euskara irakaslek Buenos Airesen egingo dituzte HABEko azterketak uztailean

2019/06/21

2019ko Udako Barnetegiko talde argazkia
2019ko Udako Barnetegiko talde argazkia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Etxepare Euskal Institutuak egindako Ezohiko Deialdiaren baitan Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal etxeetan irakasle ari diren Euskara Munduan programako ikasleek uztailaren 26tik 28ra egingo dituzte euren euskara maila egiaztatzeko probak, Buenos Airesen. Deialdi berezi honen arduraduna Euskara Munduan programako erreferente den Jose Francisco Zinkunegi izango da eta aztertzaileak, berriz, Irene Lopez de Vicuña eta Sabrina Otegui irakasle argentinarrak.

Hogeita bi ikasle bilduko ditu aurten HABEko azterketak; horietako hamarrek B1 mailakoa eta hamabik B2koa eginik. Gogora dezagun azterketak Euskadin egiten diren berberak direla eta mailak Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratukoarekin bat datozela.

Uztaileko deialdi hau Argentinan egiten den bigarren deialdi ofiziala izango da. Aurrekoa 2012ko urrian egin zen, eta 30 bat ikasle aurkeztu ziren momentu hartan B1, B2 eta C1 mailak egiaztatzeko.

Neguko barnetegia Buenos Airesen

Euskara Munduan programaren egitarauari jarraituz, trebatzen ari diren irakasleei zuzendutako 2019ko bigarren ikastaro trinkoa ere uztailean izango da. Kurtsoa 20an hasiko da eta azterketei begira, hizkuntza praktikak sendotzeko helburua izango du.

Barnetegiko eskolak eta azterketak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean izango dira, Belgrano etorbideko 1144. zenbakian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia