euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina, Txile eta Espainiako estatuko hainbat Nafar Etxek tinko eutsiko diote gaurtik sanferminak ospatzeari

2007/07/06

Sanferminak Argentinako Mar de Platan, bertako Nafar  Etxeak antolaturik (argazkia LaCapital)
Sanferminak Argentinako Mar de Platan, bertako Nafar Etxeak antolaturik (argazkia LaCapital)

PUBLIZITATEA

San Fermin da doaike munduko nafar etxeek urtean zehar antolatzen dituzten besten artean ospatuena. Munduko euskal etxeetara biltzen diren nafarrek ere ospatzen dute, Estatu Batuetan esaterako Elkon, non bertako lesakarrek, Basque Clubeko gainerako bazkideekin batera, entzierroa eta guzti korritzen duten. Historikoki, AEBetako Mendebaldera iritsitako emigrazio nafarra euskal etxeen inguruan antolatu izan da. San Franciscoko Euskal Etxeko nafarrak, adibidez, zurigorriz jantziko dira heldu den asteburuan eta 'sanfermin giroko poteoa' iragarri dute hiri kaliforniarrean. Beste toki batzuetan, hala nola Argentinan, Txilen eta espainiar estatuko hiri batzuetan, nafar etxeek gogor ekingo diote besta ospatzeari.
Nafarroako Gobernuak atzo eman zituen aditzera Argentina eta Txileko, eta Espainiako hainbat hirietako Nafar Etxeeei dagozkien sanfermin ospakizunen datuak. Hona hemen horien laburpena.

ARGENTINA

-Rosario, Santa Fe Probintzia. Txupinazoa bihar larunbata eginen da, eguerdiko ordu batean, eta zuzenean aireratuko du Nafar Etxearen egoitza sozialetik Radio Rosario emisora LT8ko 'Horizonte Español' saioak. Zuzenean jardungo dute Nafar Etxeko Manuel Turrillas fanfarreak eta Dantzari Taldeak. Arratsaldez, folklore emanaldi bat eskainiko da eta prozesio bat San Ferminen irudiarekin. Astean zehar kultura emanaldiak gauzatuko dira eta baita Mus Txapelketa bat ere.

Uztailaren 9an, jai Argentinan, goizaldeko hiruretan --Iruñearekiko ordu aldea medio-- zuzenean segituko dute Nafar Etxetik Iruñeko entzierroa, pantaila erraldoi bat medio, eta mozkor salda edo baratxuri zopa zerbitzatuko dute ondoren. Ostiralean, uztailak 13, Banderaren Parke Nazionalean dagoen Pablo Sarasateren Oroitarrian lore-sorta utziko da eta ondoren hitzaldia emango du 'Kanpoko Nafarrak' gaiari buruz Rosa María Ibáñez-ek, Espainiako Nafar Etxeen Federazioko lehendakaria denak.

Azkenik, larunbatean eta igandean, hilak 14 eta 15, egitarauak markatzen duenaren arabera dantza taldeen emanaldiak, San Ferminen ohorezko meza Rosarioko Katedralean eta otutuntza eta amaiera-dantzaldia eginen dira. Ospakizunen hondarra uztailaren 28 eta 29an heldu da, pala motzeko 'San Fermin Garaikurra' izeneko norgehiagoka argentinarra ospatuko baita Funeseko 'Nafarroako Erresuma' pilotalekuan munduko txapelketarako aurrehautatutako pilotariekin.

Buenos Aireseko Hiri Autonomiaduna. Meza uztailaren 7an Buenos Aireseko Nafar Etxeak San Fermin parrokian antolatua. Ondoren, dantza taldearen erakustaldi bat. Igandean, uztailak 8, oturuntza eginen da, gonbidatu gisa agintari nazionalak, kontsularrak eta erakunde espainiarretakoak egongo direla. Bertako dantzari taldeak besta edertuko du ospakizunaren momentu jakinetan.

Bolivar, Buenos Aires Probintzia. Bolivar-ko Nafar Etxeak Mus Txapelketa eginen du gaur, uztailak 6, eta bihar 7 meza San Ferminen ohoretan San Carlos Borromeo parrokian. Ondoren hiriko enparantza nagusian dantzariak arituko dira eta txupinazoa jaurtiko da. Afari batek eta dantzaldiak markatuko dute programaren amaiera elkartearen egoitza sozialean.

TXILE

-Santiago. Txileko Nafar Etxeak etzi igandea, hilak 8, ospatuko du San Fermin, Santiagoko Estadio Espaniarrean egingo den meza batekin. Ondotik dantza emanaldia eskainiko da eta anaitasun bazkari bati ekinen zaio. Bestaren baitan euren sariak emango zaizkie Mus Txapelketan txapeldun gelditu zirenei eta Francisco Otondoren aurkeztuko zaio koletibitateari presidente berria den aldetik.

ESPAINIA

-Madril. Madrilgo elkarte nafarretako bazkideak Nafarren San Ferminen elizaren sarrera nagusi ondoan bilduko dira gaur ostirala eguerdiko hamabietan. Tenore horretan elizako kanpaiek Nafarroako Ereserkia joko dute eta segidan txupinazioa jaurtiko da, ondoren musika entzun eta aperitifa hartzeko. Bihar larunbata arratsaldeko zortzietan meza saindua eginen da toki berean Nafarroako zaindarikidearen ohorez, abesbatzak Meza Nafarra kantatuko duelarik. Ondoren mokadua eskainiko da, musika eta kantek lagundurik.

-Zaragoza. Bertako Nafarroako Etxeko bazkide eta lagunak gaur eguerdiz bilduko dira Santiago kaleko egoitzan txupinazoa jaurtitzeko. Ondoren, musika eta aperitifa. Gaueko zortzietan, aldameneko Pilare Plazan, Buñueleko banda nafarrak, Jesús María Santos Villafranca zuzendari, kontzertua eskainiko du.

Valladolid. Valladolideko Kultura Etxe eta Etxe Nafarrak gaur eguerdiko hamabietarako deitu ditu elkartearen egoitzan bere bazkide eta lagunak txupinazoa telebistaz segitzeko, cavaz topa egiteko eta bazkari bati ekiteko. Bihar, hilak 7, San Ferminen omenezko meza batean hartuko dute parte eta anaitasun afaria eginen dute.

-A Coruña. A Coruñako Nafarroako Etxeak 'palenkeko bonbak' botako ditu Hercules Dorrearen ondoko parke batean bihar uztailak 7 eguerdiko hamabietan, Monte Altoko 'quilomberoak' partaide. Ondotik, bertan banatuko diren zapi gorriak lepoan, bazkaria, churrasco, txistorra eta txorizoz.

-Murtzia. Murtziako Euskal Etxeak (gaztelaniaz Centro Vasco-Navarro Euskal Etxea de Murcia du izena) afari batez ospatuko du San Fermin, gaur gauean ospatu ere. Menuan: menestra 'Ribera erara', gulak eta txirlak, 'ajoarriero de la Cuenca' eta 'Melocotón con vino del tendido de sol'. Gaueko hamabietan San Ferminen alde eginen da topa eta txupinazioa jaurtiko da.

-Burgos. Burgosko Nafar Etxeak (Hogar Navarro) Mus Txapelketa jokatu zuen atzo, ondoren afariari ekiteko. Bihar meza eginen du San Ferminen ohoretan 'Trovadores de Castilla' delako taldeak kantatua Mesedeetako Amaren elizan, eta anaitasun bazkaria Ciudad de Burgos hotelean.

Sevilla. Sevillako Nafar Etxeko (Hogar Navarro) bazkideak gaur eguerdiko hamabietan bilduko dira El Templete tabernan, bertan baitauka egoitza Osasunaren Peñak eta bertan ospatuko du txupinazoa. Arratsaldeko zortzi t'erdietan meza batera deitu du San Ferminen ohoretan Aita Zurien elizan. Ondoren anaitasun afari bati ekingo zaio El Candil jatetxean.




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia