2011n ere Uruguain izan zen Mercomus Txapelketa, Euskaro EEak antolatua Piriapolis-en. Irudian, elkarteko Arin lehendakaria inaugurazio ekitaldian (argazkia Irekia)
Bikote parte hartzaileak Argentina, Peru, Txile, Venezuela eta Uruguaitik etorriak dira eta gaur ostegun goizean hasiko VIII. MercoMus Txapelketa honetako partidak jokatzen, edizio honetan euskal etxea antolatzailea Montevideoko Euskaro EEa delarik. Bikote partaideak eta delegazioak atzo arratsaldean iritsi ziren hiriburu uruguaitarrera eta ongi-etorri ekitaldi eta topa-egite batean hartu zuten parte gaur goizeko 9etan lehian hasi aurretik. Norgehiagoka larunbatean afaldu bitartean egingo den sari ematearekin bukatuko da.
Montevideo, Uruguai. Zortzigarren edizioa du MercoMus Txapelketak eta herrialde bakoitzean sailkatze saioak egin ondoren final hauetara hamahiru bikote iritsi dira, honako herrialdeetatik etorriak: Argentina (La Plata, Mar del Plata eta Buenos Aires), Peru, Txile, Venezuela eta Uruguai.
Guztiak guztien aurka arituko dira. Programari bagagozkio, atzo gauean egin zen ongi-etorri eta harrera ekitaldi batekin hasi zen. Lehiaketa, beraz, gaur goizeko bederatzietan hasiko da, ondoren goiz eta arratsaldeko saioetan segitzeko. Aukera izango dute bertaratutakoek bisita batzuk egin eta hiri anfitrioia ezagutu eta agintari batzuk agurtzeko. Iragarri diren bisiten artean, Legebiltzarrera egingo dena, baita ere Ihauteriaren Museora, Portuko Merkatura eta Sarandi oinezkoen gunera, besteak beste.
Guztiak guztien kontra motakoa izatearekin, bikote bakoitzak hamahiru partida jokatuko ditu. Sari-ematea larunbat gauean egingo da, 21:00etan hasiko den afariarekin.
Ostatua hiriko Alvear hotelean hartuko da eta bazkari eta afari gehienak Euskaro EEaren egoitzan gauzatuko dira, egun indarrean dauden Uruguaiko euskal elkarteetan zaharrena den honetan. Partaideek igande goizean hartuko dute euren hiri eta herrialdeetarako atzerabidea.