Maiatzaren 25a euskaldunen Aberri Egunaren pareko ospakizuna da Argentinan. Egun horretan Argentina osoko herrietan jaiak, kabalkadak, azoka eta bestelako ospakizunak antolatzen dira, etorkinen komunitateak ere partaide. Argentinari euskaldunek eginiko ekarpena ere nabarmentzeko, ikurriñak parte hartzen du desfile eta ekitaldi zibikoetan. Aurten ere, hainbat euskal etxe partaide izan dira herrialde osoan zehar. Adibide gisa, lau aipamen labur ekarri ditugu: Arrecifes, Chacabuco, Chivilcoy eta Pergamino.
Buenos Aires, Argentina. Mota askotako ekitaldiak egin dira herrialdean zehar joan den astean, Iraultzaren 207. urteurrena ospatzeko.
Arrecifesen, esaterako, 25aren bezperan hasi ziren ospakizunak udaleko Kultur Gunean inauguratutako ‘La voz de la tierra’ eskultura erakusketarekin. Antolatzaileek gonbidaturik, Mariana Dominek zuzentzen duen Euskaldunak Denak Bateko Kantu Taldeak abestu zuen Argentinako ereserkia zeremonian; Maiatzaren 25ean bertan, San Jose de los Arrecifes Parrokian egindako Tedeum-ean eta hiriko desfilean ere hartu zuten parte Arrecifeseko Euskal Etxeko lagunek. Jai eguna Merlo izeneko gunean bukatu zen. Sukaldaritza Azokan bilduta, plater herrikoiak prestatu zituzten herriko hainbat erakundek. Euskaldunak Denak Bateko Tabernak dilistak, txoripanak eta tartak eskaini zituen.
Chacabuco eta Chivilcoy
Chacabucoko Guillermo Larregui eta Chivilcoyko Beti Aurrera elkarteek ere izan zituzten euren ordezkariak hiriko ekitaldietan. Chacabucon, Alsina kalean egin zen desfilea Udaletxean eskaini zen txokolate beroaren ondoren. Chivilcoyn, berriz, San Pedro Parrokian egin zen Tedeum-a eta horren ostean 25 de Mayo Plazan egin zen zeremonia. Ikurrina eta Argentinako banderak elkarren ondoan egon ziren euskal etxeetako lagunak tarteko.
Pergaminon, Sukaldaritza Gunea
Pergaminoko Udalak Gizataldeen Sukaldaritza Gunea antolatu zuen Maiatzaren Iraultzaren eguna ospatzeko. Egiari zor, Pergaminko Lagun Onak Euskal Etxeko lagunek ez dute atsedenik hartzen –gogora dezagun maiatzaren 20an Aitor Alava eta Ekin Dantzari Taldearen bisita jaso zutela– eta gogor jardun zuten lan menu ederra eskaini ahal izateko. Ahaleginak fruitua lortu zuen eta prestatuko guztia saldu zuten: mota askotako pintxoak, etxeko txistorra eta oilasko kazolak.