euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina osoko ehundaka gazte dantzarik ipinitako giro koloretsu eta atxikia protagonista amaitu zen atzo La Platan 2014ko Euskal Astea

2014/11/10

Larunbatean, dantzen ikuskizuna egin behar zen aretorainoko ibilbidea kalejira herrikoian egin zen, dantzariak, musikariak eta Euskal Asteko lagunak oro partaide, festa giro politean, La Platako kaleetan paseoan zebiltzaten herritarren harrigarri
Larunbatean, dantzen ikuskizuna egin behar zen aretorainoko ibilbidea kalejira herrikoian egin zen, dantzariak, musikariak eta Euskal Asteko lagunak oro partaide, festa giro politean, La Platako kaleetan paseoan zebiltzaten herritarren harrigarri

PUBLIZITATEA

Atzo igandea bururatu da La Platan Argentinako Euskal Aste Nazionala 2014. Argentinako osoko euskal etxe eta komunitate antolatuen urteko bilkura nagusia den honek andana polita jende bildu du, giro onean eta ehundaka gazte partaide. Izan ere, larunbat gaueko Gala emanaldiak 30 dantza talderen dantza bana bildu zituen, kalitate eta taularatze maila altuz, 400 bat gazte pasaturik oholtza gainean. EuskalKultura.com-ek ekitaldiotako argazki-kronika xehetua eskainiko du bihartik aurrera, bertan egon ez zirenak ere hurbildu eta nolabait busti ahal izan daitezen bertan bizi izandako giroaz. Gaurkoa, beraz, gainbegiratze orokorra izan dadila, eta bihartik aurrera argazki-kronika.

La Plata, Argentina. 2014ko Euskal Asteko ekitaldiak azaroaren 1ean hasi ziren, eta labur aipatzeko, esango dugu programak proposamen ugari bildu dituela bere baitan, hala nola erakusketak (Gure Arropa eta Euskal Argentina, ondarreko hau Euskal Herri Iparraldetik eremana), hitzaldiak (sei bat, Diasporaz, euskaldunen jatorriaz... edota euskaraz idazle izateko hautuaz), koralen emanaldiak, pilota txapelgoak (neska eta mutilenak, eta xare erakustaldia), kirol saioak (futbola, hockey, xakea eta itsuen areto-futbola, La Platako euskal etxeak futbol itsu-taldea baitu), liburu aurkezpena (Magdalena Mignabururena, euskal abertzaletasunaz Argentinan), zinema (hitzaldia eta 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filma), antzerkia (espainolez, Argentinan euskara ikasten dutenen egoereri buruz, Sabrina Otegui eta Marcela Inda egile), FEVA bilkura, Omenaldia Euskal Lanari, Eusko Diaspora ekimena, dantzarien, euskal liburutegien, euskara ikasle eta irakasleen bilkurak, Independentistak taldea aurkeztu da... eta musika, erromeria, dantza eta kalejirak ere egin dira.

Atzo igandean, azken egun legez, meza antolatu zuten, eta dantzari guztiak partaide, alardea edo kabalkada eta dantza-erakustaldia egin zen kalean aire zabalean, Haurren Errepublika izeneko lekuan, koloretsu, indartsu, mezu gazte eta baikorra iragarririk: euskaldunak hor dira, bizi dira Argentinako Diasporan, eta segitu nahi dute euren izaera eta Euskal Herriarekiko lotura hori elikatzen eta sendotzen. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideari buruzko baitespena ere egin zen ekitaldietako batzuetan eta euskal selekzioaren aldeko pankartak ere ikusi ziren pilota partidetan eta larunbat gaueko galan, esaterako.

2014ko Euskal Asteak azaroaren 1etik 9a arte garatu da La Platan, bertako Euzko Etxea euskal etxeak antolatuta. Bertaratutakoen artean, Argentina osoko euskal etxeak aipa daitezke, baina inguruko herrialdeetatik ere etorri dira ordezkari eta partaideak, hala nola Uruguai, Txile eta Brasildik, eta baita Euskal Herritik berertik ere.

Ordizkari ofizialei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Cristina Uriarte Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailburua bidali du ordezkaritza buru, Urkullu lehendakariaren izenean agur beroa pasatuz bertan bildutakoei. Uriarterekin batera zeuden Marian Elorza, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Asier Vallejo Itsaso, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola, Euskadiren ordezkaria Argentina eta Mercosurrerako. Baita bi teknikari ere, Andoni Martin, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari atxikia, eta Mariana Satostegui, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritza lantoki duena.

Bestelako erakundeen artean, ordezkaritza bidali zuen baita ere Udalbiltzak, Mertxe Aizpurua presidentea buru eta Lorena Lopez de Lacalle ere partaide. Independentistak sareak ere bertan egon nahi izan zuen, Txutxi Ariznabarretaren bidez. Eusko Ikaskuntza ere, bere Baionako bulegoko Maialen Zamponi bidali zuen, Eusko Diaspora ekimena aurkezteko. Eta EuskalKultura.com, ohi bezala esan behar, bertako korrespontsal Sabrina Otegui eta proiektuak koordinatzaile duen Joseba Etxariren eskutik egon zen ordezkatua.

Ohi bezala bidaian Ipar Euskal Herritik, Euskal Argentina taldeko kideak ere hor izan dira, elkarteko Monika Legarto lehendakaria buru. Omenaldiak ere egin zaizkio programa b arnean, euren bizitza oso bateko lanarengatik Isidro Legarreta eta Mikel Ezkerro komunitate euskal-argentinarreko kide eta euskaltzale ezagunei, Eusko Jaurlaritzaren eskutik; eta La Platako Euskal Etxeak, esker oneko plaka eman dio EuskalKultura.com-i ondarreko hamar urtetik gora sarean egindako lanagatik, hauek larunbat iluntzean eginiko Gala berezian zehar.

Larunbat gaueko kontzertuan, Euzko Etxean eginik Itziarren Semeak talde bizkaitarra oholtza gainean ipini zuenean, mila eta hiruehun bat pertsona sartu ziren, euskal etxe osoa giroz eta jendez beterik. 

Astea, ixte-bazkariarekin amaitu da, igande eguerdiz, Haurren Errepublikako instalazioetan, ia mila jendek partekatu duten bazkari jendetsuan. Heldu den Euskal Astea, La Pampako Macachin-en 2015ean.

(bihartik aurrera La Platako Euskal Asteko argazki-galeria gehiago joango gara ateratzen egunero. Erne egon!)


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia