Cordoba, Argentina. Gaur bertan egingo da. arratsaldeko 7etan, "Olerkiak - Palabras y voces del euskera" (Olerkiak - Euskararen hitz eta ahotsak) izenburuko euskal poesiari buruzko online tailerraren aurtengo lehen topaketa, FEVA antolatzaile eta Cordobako Gerora Kultur Elkarteko Elba Mocoroa irakaslea koordinatzaile. Gogora dezagun tailerraren bigarren atala dela hau, lehena 2022ko abuztuan egin baizen, aurtengo segida iragarrita. Bigarren hau bi egunetan garatuko da, bigarrena eta azkena bi aste barru, ekainaren 23an.
Miren Agur Meabe, Gabriel Aresti eta Tere Irastorza bezalako idazleen eskutik, euskal olerkigintzaren bilakaera jorratuko da; Jon Mirande eta Bitoriano Gandiagaren obrekin, berriz, erlijioaren gaia. Iraultzaileez hitz egiteko, Amaia Lasa eta Itxaro Bordaren olerkiak landuko dira. Ekoizpen garaikidea, Leire Bilbaoren bitartez egingo da eta, bukatzeko, Bernardo Atxagaren lana ere aztertuko da, aletu dio Elba Mocoroak EuskalKultura.eus-i.
Ikastaroa gaztelaniaz, obra originalekin eta euren itzulpenekin
“Niri euskal literaturak izugarrizko poza eman dit", baiesten du Mocoroak, segidan gehituz "eta uste dut jendearengana iristeko bide bat dela, jakin dezaten badela euskal literatura bat, euskaraz idatzia, euskara gutxiengo hizkuntza izan arren, eta batzuen ustez baita hizkuntza minorizatua ere, aldi berean, literatura ona dena. Gainera, gaur egun eskura dauden itzulpenekin, iristerrazagoa da. Balioa ematen diegu itzulpenei, bereziki egileek berek egindakoei, edo haiek enkargatutakoei”, esan digu.
Tailerra doakoa da eta parte hartzeko ez da beharrezkoa tailerreko lehen zatian parte hartu izana. Izena emateko, emaila bidali behar da secretaria@feva.com.ar helbidera, izen-deiturak adierazita eta posta elektroniko helbidea, tailerrean erabiliko den irakurketa-materiala bertara bidaltzearren. Izan ere tailerra gaztelaniaz garatuko da, baina poema eta olerkien euskarazko originalak eta euren itzulpenak erabilita.
Tailerra Argentinako gaur arratsaldeko 7etan egingo da, Euskal Herrian gaueko 12ak direla.