euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina ezagutu eta bertako euskal gazteei euskal kultura erakutsi nahi? Hator Hona 2009 programan parte har ezazu!

2009/04/02

Hator Hona 2004ko gazteak Necocheako Euskal Etxean (argazkia Hator Hona)
Hator Hona 2004ko gazteak Necocheako Euskal Etxean (argazkia Hator Hona)

PUBLIZITATEA

Hemen da 2009ko Hator Hona, Necocheako Euskal Etxeak antolatzen duen euskal eta euskal-argentinar gazteen arteko trukea. Edizio berri hau uztailaren 19tik abuztuaren 18a arte luzatuko da eta Necocheara bidaia egiten duten euskaldunek bertako gazteei euskara, dantza, pilota, gastronomia eta euskal kulturaren beste hainbat arlo erakutsiko dizkiete. Euskaldunek euren bidaia ordaindu beharko dute, baina behin Necochean Euskal Etxeko familiek hartuko dituzte. Programaren seigarren edizioa izango da aurtengoa eta izena emateko epea apirilaren 24ean itxiko da.

Necochea, Argentina. '18 eta 30 urte bitartean baduzu, euskara, dantza, musika, gastronomia edo euskal herri kirolen ezagutzak badituzu eta besteei erakutsi nahi badizkiezu, zure kultura munduan ezagutzera eman nahi baduzu eta beste herri bateko jendea ezagutu nahi baldin baduzu... izena eman Hator Hona 2009n!', horixe da Necocheako Euskal Etxeko kideek euskal gazteei luzatzen dieten gonbitea.

Erakunde honek 2004an jarri zuen abian Euskal Herriko eta Argentinako gazteen arteko truke programa hau, bi komunitateen artean harremanak indartu eta Argentinan euskal kultura mantentzen eta biziberritzen laguntzeko asmoarekin. Aurreko edizioetan euskal eta Necocheatar gazteen arteko konexio hain izan da estua, iaz, arazo ekonomikoei aurre eginez, denen artean Argentinako gazteak Euskal Herrira bidaia antolatu eta bertan dantza eraskustaldiak eman zituztela, Gazte Alai taldearekin.

Truke programa hau Necocheako gazteek sortua da eta Argentinako baliabide ekonomikoen eskasiari aurre egiteko imajinazioa eta gazteen arteko elkartasunaz baliatzen da. Euskal Herriko gazteek Argentinara bidaia ordaintzen dute, baina Necochean hango euskal familiek etxean hartzen dituzte.

Izena emateko

Parte hartu ahal izateko eskakizunak oso xinpleak dira: 18 eta 30 urte bitartean izatea eta  euskera, euskal musika, datza, gastronomia edo kirolen ezagutzak izatea. Ez da beharrezkoa tituluak izatea, Necochearrek eskatzen duten gauza bakarra esperientzia, ezagutza eta erakusteko gogoa dira.

Aurtengo Hator Hona uztailaren 18tik abuztuaren 9a bitartean egingo da eta izena emateko epea apirilaren 24ean itxiko da. Parte hartu nahi dutenek Hator Hona-k sortu berri duen bloga bisitatu dezake, eta bertatik jaitsi izena-emateko inprimakia. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, bidali e-maila hatorhona2009@hotmail.com helbidera.

Hator Hona 2009 bloga hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia