Buenos Aires, Argentina. Carlos Gabilondo zinemazaleak Argentinan daraman Euskal Zinema Ibiltaria Zikloak 300 emanaldi beteko ditu datorren larunbatean. Tarte honetan, argi dago herrialde osoko euskal etxeetan euskal zinemagileen filmak zabaltzea helburu duen egitasmoak "uste baino dimentsio handiagoa hartu duela", esan digu Gabilondok. "Egun, euskal kulturari buruzko eta, bereziki, ikus-entzunezko arteei buruzko trukerako ziklo bat da, etengabe berritzen eta eguneratzen doana", azaldu dio EuskalKultura.eus-i.
Zikloak 10 urte bete zituen 2020an eta, pandemia medio, modalitate birtualera egokitu behar izan zuen. Geroztik, proposatutako film luze edo labur bakoitza, etxean ikusten du norberak, horretarako ematen zaizkion estekak baliatuta. Ondoren egiten da topaketa birtuala, sare sozialen edo bideokonferentzia plataformaren baten bidez, Gabilondok moderatua. Birtualtasuna baliatuz, sarritan Euskal Herriko zuzendari eta zinemagileek ere esku hartzen dute telematikoki.
Denbora honetan zehar euskal etxez euskal etxe ibiltzea suertatu zaio Gabilondori euskal filmak besapean, besteak beste Buenos Aires, Cordoba, Rio Negro, La Pampa, Neuquén, Chubut eta Misiones probintzia argentinarrak bisitatu ditu eta baita Habanako (Kuba) Euskal Etxea ere. Baina kultur erakunde gehiagoren gonbidapenak ere jaso izan ditu, bertan aritzeko, tartean Argentinako Kongresu Nazionaleko Liburutegiak antolatutako Euskal Kultur Jardunaldiena.
Zikloak 82 film eta 54 film labur aurkeztu ditu gaurdaino.
Datorren larunbata
Datorren larunbatean, ekainaren 12an, 300 emanaldi beteko ditu. San Migueleko Askatasunaren Bidea euskal elkartean. "Saioa berezia izango da oso niretzat, bertako euskaldunak ederki errezibitu eta alboan izan baititut beti", esan digu.
Efemeridearen haritik, EuskalKultura.eus-ek ematen dion aukera baliatu eta Euskal Zinema Ibiltariak lagun eta sostengu-emaile izan dituenak gogoan izan nahi izan ditu.
"Proiektuaren amabitxia den Teresa de Zavaletari; Laura Nobileri, hasiera hartan euskal etxeekin eta kultur erakundeekin kontaktuan jartzeagatik; Angel Kataraini, Habanan ateak irekitzeagatik, eta Kuban baita ere, Habanako Euskal Etxeari, euren 140. urteurreneko ospakizun-programara gonbidatzeagatik; Argentina-Mercosurreko Euskadiren Ordezkari Sara Pagolari, 2017an Donostiako Zinemaldiarekin harremanetan jartzeagatik; eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmotekako zuzendariari; Asier Altuna eta Iraia Eliasi, “Amama” pelikula partekatzeagatik; Esteban Pecoitzi, gaur egun zikloak dituen logoengatik; Estefania Abasolori, logo horiek Zirimiri zeramiketan egiteagatik... hainbat eta hainbat laguni.. eta, bistan da, saio hauetan ezinbesteko lagun ditudan zinemazale amorratu guztiei".
Zorionak eta eskerrik asko, Carlos! Biba Euskal Zinema!