euskal diaspora eta kultura
2008/09/04
PUBLIZITATEA
Santiago, Txile. Txileko Santiagon jokatzen ari den I. Euskal Pilota Trinkete Txapelketak bere bosgarren jardunaldia izan zuen atzo. Antolatzaileen ustez, txapelketa ederra izaten ari da eta iaz San Franciscon (EEUU) jokatu zen antzeko txapelketan maila polita ikusi bazen, aurtengoan ere ez dute aitzakiarik. Gainera, aurten Dominikar Errepublika eta Uruguaik lehen aldiz hartzen dute parte. Denera 80 bat neska-mutili pilotari dabiltza Santiagoko Euzko Etxeko trinketeko txapelketan.
Eskuzko bi modalitateetan Argentinak eta Euskal Herriak jokatuko dute final handia. Buruz burukoan, Jon Bixintxo Bilbaok uste baino lan gehiago egin zuen Gonzalo Vargas pilotari boliviarrari irabazteko. Aipatu beharra dago pilotari boliviarrak maila polita erakutsi dutela txapelketan, bai Vargas berak eta baita Americo Rendon eta Wilfredo Colquek ere binakakoan. Bolivian lan handia eta txukuna egiten ari diren seinale. Hala ere, partida urduri hasi zuen euskaldunak eta Vargasek hortzak erakutsi zizkion. 16-14koarekin, bere buruarengan konfidantza hartu eta boliviarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen. Beste finalaurrekoan, Edgardo Serralde mexikarra nahiko erraz gailendu zaio Nicolas Comas argentinarrari. Alta, argentinar gazteak etorkizun polita duela erakutsi du. Finalean faborito, Bixintxo izango da, baina pilota munduan ezin daiteke jakin hori.
Binakakoan, Beltran aita seme mexikarrek ikusmin handia piztu zuten atzokoan Santiagoko Euzko Etxeko trinketean. Sergio "Che" Beltran munduko txapeldun ohia bere seme Sergio, 'Beltran IIarekin', txapelketa polita egiten ari baita. Aurrean Servando Alvarez eta Luis Maidana argentinarrak zituzten. Partida oso borrokatua izan zen baina azkenean 20an geratu ziren argentinarrak. Beste finalaurrekoan, Americo Rendon eta Wilfredo Colque dena ematera irten ziren, teorian Unai Ugarte eta Iker Etxeberria gehiago baitziren. Lehia ederra izan zen eta euskaldunek irabazi zuten, teknikoki hobeak baitira. Beste finalaurrekoan antzeko zerbait gertatu zen, bi bikoteek lehia borrokatua eskaini arren, teknikak erdietsi zuen azken emaitza Beltran aita semeen alde. Mexikar eta euskaldun bikoteen arteko finalak ikusmina sortu du, lehia polita eta oso borrokatua aurreikusten baita.Beste modalitateetan aldiz, oraindik finalaurrekoak jokatzeko daude. Larruzko paletan Argentina eta Venezuela eta Uruguai eta Euskal Herria ariko dira lehian finaleko txartelak eskuratu asmoz. Emakumezko Gomazko paletan Uruguai eta Txile aurrez aurre jardungo dute lehen finalaurrekoan eta bigarrengoan Mexikok eta Argentinak sailkatu nahiko dute final handirako. Gizonezkoetan aldiz, Txile eta Euskal Herria ariko dira nor baino nor lehen finalaurrekoan eta Uruguai eta Argentina bigarrenean.
'Pikeak' mexikarrekin
Bestalde, selekzio guztiak Euzko Etxearen inguruan direnez eta partidak ikusten dituztenez, ez da "pike" edo apusturik falta. Hurrengo iganderako apustua egin dute Beltran aita-seme mexikarrek eta Unai Martin eta Oier Elorriaga euskaldunek Chileko Viña del Mar hirian. Sergio "Che" Beltran beteranoak jaurtitako apustua hartu dute euskaldunek eta ikusmin handia sortu du erronkak. Mexikarraren hitzetan "eskertzekoa da euskaldunak izkutatu ez izana eta apustuari heldu izana, baina jakin dezatela 40 tantutara ziztu bizian iritsiko garela". Aitzitik, Unai Martinek 'Che Beltran pilotari handia den arren, ezin daiteke artritiak jota dagoen baten aurka galdu' adierazi du. Ikusmina eta polemika puri-purian beraz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus