Arrecifes, Argentina. Arbasoen lurra ezagutzeko ametsa urte aspalditik betetzeke daukatenek, amets hori aspaldi bete zutenek eta, zergatik ez, duela gutxi egon badira ere errepikatzeko irrikan daudenek, aukera izango dute aste honetan Euskal Herriko bidaietan aditua den Mariana Dominé Irigoyenek antolatutako talde-irteeraren xehetasunak eskuratzeko. Ostegun honetan, otsailaren 8an, 20etan, Zoom plataforman egingo den bilera birtualean interesdunek bidaiaren inguruko informazioa jaso, galderak egin eta iritziak trukatu ahal izango dituzte.
Euskal Herria 2024 Tourra ekainaren 10ean abiatuko da Ezeizako Aireportutik eta ekainaren 28an, ostirala, itzuliko da. Elkarrekin bizitzeko 17 egun izango dira, zazpi lurraldeetako lekurik esanguratsuenak, hiriburuak, kostaldeko eta barnealdeko herriak bisitatuz, bertako paisaiez, gastronomiaz eta ondare historiko eta kulturalaz gozatuz. Ostatua lau izarreko establezimenduetan hartuko da, pentsio erdiko erregimenarekin.
Amestutako bidaia
2023ko bidaiari-taldea Bilbora egindako bisitan
Ibilbideak besteak beste Urdaibaiko erreserba, Gaztelugatxeko Doniene baseliza, Gernika, Portugaleteko zubia, Guggenheim Museoa, Arriaga Antzokia, Hondarribia, Pasaia, Oñati, Arantzazuko Santutegia, Miarritze, Baiona, Zugarramurdiko leizeak, Biasteri eta Erriberriko Gaztelua bisitatuko ditu. “Badakigu urte konplexua dela, baina ilusio eta energia guztia dugu helburua betetzeko eta askori eurena betetzen laguntzeko, alegia amestutako bidaia gauzatzeko. Beraz, aurrera, euskaldun zintzo bezala”, adierazi dio Arrecifeseko erreferenteak EuskaKultura.eus-i.
Euskal Herria 2024 Tourraren bilera birtualean parte hartzeko, edota xehetasun gehiago jasotzeko, idatzi mdomine2002@hotmail.com helbidera edo (+54) 2478-498361 WhatsApp zenbakira. Sare sozialeen bidez harremanetan jartzeko:
-Facebook: Mariana Domine Irigoyen
-Instagram: mariana.domine.2014
On egin!