Rio Cuarto, Argentina. Victor Alberto ‘Beto’ Mendizabal da 'Don Vasko’ko burua eta familia proiektua dela azaldu dio EuskalKultura.eus-i, sei urteko jardunbide duena jadanik Cordoba probintziako Rio Cuarton. Ekimena nola sortu zen galdetuta, adierazi digu "osasun arrazoiak" tarteko izan zela. “Duela urte batzuk garagardo industrialak kalte egiten zidala hasi nintzen sentitzen eta artisau-garagardoa dastatu ondoren, alde ederra somatu eta erabaki nuen nik neuk ekoiztea. Gaur egun 400 litro ekoizten ditugu hilean eta guztia saltzen dugu”.
Mendizabalek aitortzen digu garagardoaren izena hautatzerakoan omenaldia egin nahi izan ziela arbasoei. “Aitaren aldetik, aitona Portugaletekoa zen eta amona, Iparraldekoa. Aitak aholkatu zidan Vasko k-z idaztea, euskararen berezitasuna delako eta gure produktua ere bereiziko zuelako”.
Enpresa apala da berea eta produktu nagusiak Red Ale eta Golden Ale garagardoak badira ere, beste zenbait mota ere egiten ditu, bezeroek eskatuz gero. ‘Don Vasko’ garagardoa Rio Cuartoko tabernetan edan daiteke baina partikularrek egindako eskariak ere onartzen ditu, Rio Cuarto bertara zerbitzatzeko edo Argentinako beste hiriren batera.
Mendizabalekin komunikatzeko bidea bere Instragram kontua da: cerveza_donvasko. Gogora dezagun enpresa familiarra eta txikia denez, nahikoa denborarekin egin behar direla eskaerak batzuetan stock-a berehala agortzen baita.