euskal diaspora eta kultura
2011/07/21
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. La Platako Euzko Etxea elkarte argentinarrak asteburu osoko egitarau mardula antolatu zuen San Fermin festa ospatzeko, uztailaren 9 eta 10ean. Ekitaldiak xare txapelketa batekin hasi ziren, eta finalean Buenos Airesko Gure Echea elkarteko Miguel Colucciok eta Euzko Etxea bertako Mikel Gil Najerak irabazi zuten. Biharamunean, uztailaren 10ean, izan ziren ospakizun nagusiak. Eguna meza batekin eta dantza erakustaldi batekin hasi zen, Moreno Plazan dagoen Gernikako Arbolaren Kimuaren aurrean.
Ondoren, urtero bezala euskal etxearen balkoitik txupinazoa jaurti zen: Beatriz Aramayo alkateak suziria piztu zuen eta jaiari hasiera eman zion. Elkarteko kideek bazkaria egin zuten eta goizean zehar kalean prestaturiko paella erraldoia eman zen dastatzera. Bazkalostean Javier Clua presidenteak eskerrak eman zizkien bertaratu ziren kide eta lagunei eta elkartearen egitasmo berriak iragarri zituen.
[Dantzariak La Platako Moreno Plazan egin zuten emanaldian (argazkia LaPlataEE)]
Bazkalostean jaia trinketera pasa zen eta bertan Maria Emilia Cairo y Maria Laura Galarraga euskara irakasleek hitzaldi bat eskaini zuten, euskaraz zein gaztelaniaz. Ondoren, elkarteko abesbatzak eta dantza taldeak kantaldia eta erakustaldia eskaini zuten.
[La Platako euskal etxeko gazteak jaiaz gozatzen (argazkia LaPlataEE)]
Astebeteko jaia Tandilen
Tandilen, Argentinan, jaia astegunez hasi zen, bazkide eta lagunen artean egindako mus txapelketarekin. Egun handia, baina, uztailaren 10a izan zen. Ekitaldiak meza elizkizun batekin eta Tandileko Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean egindako lore eskaintzarekin hasi zen.
Ondoren herri kirol erakustaldia egin zen eta jarraian euskal elkartearen balkoitik txupinazoa bota zen. Une hunkigarria izan zen, are gehiago kantari talde batek abestu zituen euskal eta erdal kanta tipikoei esker. Jaiak elkarteko Sukalde jatetxean eginiko bazkari batekin jarraitu zuen. 160 bat lagun bildu ziren bazkarira. Bazkalostean erakustaldia eskaini zuen elkarteko dantza taldeak eta Gure Abestiak koruak ere emanaldia egin zuen.
[Txupinazoa egin zuten Tandileko euskal etxearen balkoian (argazkia TandilEE)]
Arrecifesen ere jaia egin zuen bertako euskal etxeak, eta elkarteko bazkideek eta lagunek giro ederrean gozatu zuten San Fermin eguneko bazkarian.
[Arrecifeseko emakume taldea topa egiten (argazkia ArrecifesEE)]
Betizuak Carabobon
Venezuelako Valencia hiriko euskal etxeak, urtero bezala, bazkide asko bildu zituen San Fermin festako jaialdian. "300 bat lagun izan ziren egun horretan gure elkartean", azaldu dio Illargi Uzcanga presidenteak EuskalKultura.com-i. Hainbeste jende biltzearen arrazoia egitarauko izarrek izan zuten: bigantxek. "Valentzian San Ferminetan zezenkoak ateratzea da guri gehien gustatzen zaiguna; batzuk kapotearekin ateratzen dira, beste batzuek nahiago dute ez erabili. Ez dugu entzierrorik egiten. Bigantxez gain erromeria ere egiten dugu, lagunak bildu egiten gara egun honetako poza partekatzeko", azaldu du Uzcangak.
[Bigantxek emozioa jarri zuten Valenciako San Fermin jaian, Venezuelan (argazkia ValenciaEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus