euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina eta Uruguaiko abertzaleek ikurrin kolorez jantzi zuten 'Plaza de Mayo' Aberri Eguna ospatzeko

2010/04/06

PUBLIZITATEA

Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Gunea antolatzaile, ehun bat lagun bildu ziren joan den larunbatean Buenos Airesko Plaza de Mayo-n, euskal egutegian hain garrantzitsua den data hau aldarrikatzeko. Ekin eta Aiara Dantza Taldeek musika eta dantza jarri zizkioten goiz eguzkitsuari eta festa giro egokia sortu zuten Euskal Herriaren independentziaren aldeko agiriak irakurtzeko. Ekitaldia bukatuta, bildutako jendeak bazkaria partekatu zuen Eusketxe, Euskaltzaleak eta Ekin-en egoitzan. Ondoren, Iparraldeko Euskal Etxera mugitu ziren ospakizunekin jarraitzeko: bertan “1512 Nafarroaren Konkista” filma eman eta dantzariek ordubeteko ikuskizuna eskaini zuten. Afalostean, Joseba Gotzon musikari bizkaitarrak abesti herrikoi batzuk kantatu zituen gitarra eta soinuak lagunduta. Aipatzekoa eta gauza berria da hainbat herritako lagunak hiribururatu zirela Aberri Eguna beste abertzale batzuekin ospatzeko. Hor ziren FEVAko lehendakari eta aldi berean Santa Rosako Euskal Etxekoa ere baden Ricardo Basterra, FEVAko batzordekide den Villa Mercedesko Julio Esnaola, eta Cañuelasko Euskal Etxeko lehendakari Daniel Sancholuz, batzuk aipatzearren (ikus argazkiak eta bideoa).

Buenos Aires, Argentina. Berrehun urte ari dira betetzen aurten Buenos Aires hiriburuko Kabildoan Argentinaren independentzia antolatzen hasi zirenetik. Lehenengo urratsak Kabildoan eman zituen iraultzak sei urte pasa eta gero emango zuen fruitua. Ez da kointzidentzia, beraz, Euskal Diasporaren Eztabaida Guneko kideek Aberri Eguneko elkarretaratzea Kabildoaren aurrean egitea proposatzea, izan ere Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzea asmo zuen Aberri Eguna ospatzeko. Hamaikak aldera hasi zen jendea hurbiltzen, ikurrinak eskuetan, Buenos Airesko Plaza de Mayo historikora, eta hamaika t'erdietan Eztabaida Guneko Santiago Bereciartua, Mariana Fernández Castelli, César Arrondo eta Gloria Zuazola kideak mintzatu ziren, ehun bat lagunez inguratuta, hitzorduaren zatirik politikoki aldarrikagarrienean.

2010ko Aberri Eguna 02

[Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Guneko kideak: Santiago Bereciartua, Cesar Arrondo, Mariana Fernandez Castelli eta Gloria Zuazola (argazkia EuskalKultura.com)]

 

 

2010ko Aberri Eguna 01

[Aiara Dantza Taldea (EH) eta Ekin Dantzari Taldea (Argentina) Plaza de Mayon dantzari (argazkia EuskalKultura.com)]

Ekin Dantzari Taldeak eta Euskal Herriko Aiara Dantza Taldeak bat egin zuten Aurresku dantzatzen. Ondoren, dantzari, pilotari, euskaltzale eta talde politiko ezberdinen agiriak eta agurrak irakurri ziren. “Diasporatik aurtengo Aberri Eguna hausnartzeko eguna bilakatzea aldarrikatzen dugu eta talde abertzaleak elkar daitezela eskatzen dugu, Diasporakook Euskal Herria garela konbentzituta gaudelako eta Euskal Herriaren independentzia lortzeko Diasporako jendea beharrezkoa delako. XXI. mendeko independentistak batzen ari gara gure eskubideen berri Euskal Herrira eta munduko txoko guztietara eramateko”, dio Uruguai eta Argentinako abertzaleek sortutako gunearen agiriak.

[Buenos Airesko Aberri Egunaren lehenengo parteko bideoa (irudia, Julen Gimenez)]

Aberri Egunean, kulturaren espresio guztiak

Ekintzaz betetako eguna izan zen larunbatekoa Argentinako hiriburuan. Plaza de Mayon izan ondoren, taldea hiriko kaleetatik paseoan edo kalejiran Mexikoko euskal egoitzaraino heldu eta bertan egin zuen bazkaria, eta arratsaldeko seietan prest zegoen Iparraldeko Euskal Etxera joateko “1512 Nafarroaren Konkista” pelikula ikusi eta ondoko eztabaidan parte hartzeko.

2010eko Aberri Eguna 03

[Aiara Dantza Taldeko mutilak, Iparraldeko Euskal Etxean (argazkia EuskalKultura.com)]

Geroago, Arabako Aiara Dantza Taldeak eta Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak bateginik, ikuskizuna aurkeztu zuten Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak eskainiz. Besteak beste, Aurresku, Agurra, Ezpata Dantza, Belauntxingo, Gipuzkoako Fandangoa eta Arin Arinak eskaini zituzten.

2010eko Aberri eguna 04

[Joseba Gotzon eta Xabier Aramayo (argazkia EuskalKultura.com)]

Jaiak bukatzeko, Argentina eta Uruguain bira egiten ari den Joseba Gotzon abeslari portugaletetarrak kanta herrikoi batzuk abestu zituen Xabier Aramayoren soinua lagun. Festak Buenos Airesko eta hiriburutik kanpoko lagunak bildu zituen. Zenbait euskal etxetako kidek hartu zuten parte ospakizunean, tartean La Platako Euzko Etxea-tik, San Miguelgo Askatasunaren Bidea-tik, Buenos Airesko Laurak Bat-etik, Buenos Airesko Eusketxe eta Euskaltzaleak-etik, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxetik, Villa Mercedesko Euskal Etxetik, Santa Rosako Euskal Etxetik. Buruzagien artean, bertan ikus zitezkeen Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria, FEVAko kide den Villa Mercedesko Julio Esnaola, eta Cañuelasko Euskal Etxeko Daniel Sancholuz lehendakaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia