euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina eta Mexikoko Zavaletatarrak bildu dira Buenos Aireseko Ramallo hirian egin duten IV. familia topaketara

2007/10/22

Topaketan parte hartu zutenek kalejira bat egin zuten euskal dantzari eta musikariak tarteko
Topaketan parte hartu zutenek kalejira bat egin zuten euskal dantzari eta musikariak tarteko

PUBLIZITATEA

Joan den irailaren 29an Zavaleteada itzel batean elkartu ziren Bartolome, Agustin, Antonio eta Jose Maria de Zavaleta anaien ondorengoak. Gipuzkoako soraluzetarrak jatorriz, XIX. mendeko azken hogeitamar urteetan heldu ziren Argentinara. Haien ondorengoak 2005eko martxoan elkartu ziren azken aldiz, Arrecifes hirian, eta bi urte luze elkar ikusi gabe, familia osoa Ramalllon bildu zen berriro joan den irailean. Bertara, Argentinako hainbat hirietatik eta Mexikoko Moreliatik etorritako 190 pertsona inguru bildu ziren, bazkari goxo bat dastatzeko aitzekiaz.
Argentinan, Buenos Aires probintziako Ramallo hirian, ia berrehun senide bildu ziren pasa den irailaren 29an Zavaleta familiaren IV topaketa egiteko. Ospakizun hauen funtsa "elkartzea, kontaktua mantendu eta belaunaldi berriak ezagutzea da", antolatzaileen hitzetan. "Gainera Euskal Herriko kulturarekin lotura dugunoi, gertutasun hau ez dutenekin elkarbanatzeko aukera ematen digu", azaldu dio EuskalKultura.com-i Teresa de Zavaletak. Euskal argentinar komunitateko parte hartzaile aktiboa da Teresa de Zavaleta, dantzari, dantza zuzendari eta euskera eta euskal kultura irakasle gisa.

Eguerdiko 12etan eman zitzaion hasiera "Zavaleteada" delako honi, Ramallo kanpoaldean, 1928. urtean eraikitako Villa Flor del Ceibo famili-etxean. Etxea bereziki apaindu zuten, sarrera atearen alboetako zuhaitzetan ikurriña eta Argentinako bandera ipiniz. Txikientzako pentsaturiko jolasak ere prestatu zituzten. Guztira 190 pertsona bildu ziren, gehienak Argentinako zenbait herrietatik etorritakoak, hala nola Arrecifes, Florida, San Isidro, Buenos Aires, Neuquen eta Ramallotik.

Mexikotik etorritako Zavaletatarrak

Aipamen berezi bat merezi dute Mariano Zavaleta eta bere familiakoek, Mexiko DF eta Morelia hiri mexikarretik etorri baitziren. Bazkariko menuan zeuden 'pikada' handi bat, enpanadak eta txekor hankak, baita ardo on sortañoa ere. Bazkalostean Estefania eta Victoria Abasolo de Zavaleta Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bateko euskal dantzariek, zentru horretako txistulariez lagundurik Fandango eta Arin-Arina dantzatu zuten eta gonbidatu asko jantzan jarri zituzten kalejira batez. Ondoren, Juani Saez txistulariaren eskutik, dantzaldia klase atsegin eta erraz batekin biribildu zuten.

[Goiko irudian topaketako une bat, familia kideak dantzan bazkalostean]

Soraluzetik Argentinara

Bartolome, Agustin, Antonio eta Jose Maria de Zavaleta anaiak, gurasoak eta arreba Soraluze jaioterrian utzita, Gipuzkoan, XIX. mendeko bigarren erdialdean iritsi ziren Ameriketara. Behin Argentinan zeudela, bakoitza herri diferente batean finkatu zen, antzeko ogibideei eutsiz: nekazaritza eta abeltzantzan aritu ziren denak. Bartolome, Trenque Lauquenen geratu zen, Agustin Baraderon, Antonio Ramallon, eta Jose Maria San Pedron, ondoren ondoko Arrecifes-era pasa zelarik.

Teresa de Zavaletak kontatzen duenez, "lau anaiak Argentinan finkatu ondoren, gurasoak etorri ziren bisitan eta bueltako bidaian ama itsasontzian hil zen. Garai hartan halakoetan gorpua itsasoratzeko ohitura zegoen eta seme argentinarrek denbora luzea igaro zen arte ez zuten heriotzaren berririk izan'. Honelako eta bestelako famili-pasadizodn ildotik, Zavaletak, hirugarren belaunaldiko ordezkari moduan, halaxe aipatzen du festa hauetaz: "gure arbasoei egiten diegun omenaldia ere badira, gogor ahaleginduz hona etorri eta euren tokia eginez lurralde honetan familiak osatu zituztelako".

[Zavaletatarren IV. topaketan Ramallora bildu zirenen talde argazkia]


Lotura interesgarriak

Ramallo, Argentinan
Wikipedian

Teresa de Zavaleta, Euskaltzaleak-eko euskara irakaslea
EuskalKultura.com-en argitaratua martxoaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia