euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina-Mexikoko 250 Zavaletatar euren 5. Topaketan partaide Buenos Aires probintziako Ramallo herrian

2014/03/31

2014ko 'Zavaleteada'-ko talde argazkia
2014ko 'Zavaleteada'-ko talde argazkia

PUBLIZITATEA

‘Zavaleteada’ da bilerari familiak paratu dioten izena eta bere bosgarren edizioan 250 bat partaide bildu ditu Buenos Aires probintzian joan den martxoaren 23an, Argentina osotik eta Mexikotik etorriak. Topaketa Ramallo hirian burutu zen eta Soraluzen jaio eta XIX. mendean Argentinara emigratu zuten Bartolome, Agustin, Josefa, Antonio eta Jose Maria de Zavaleta anai-arreben zenbait belaunaldi bildu zituen. Ondo baino hobeto baliatu zuten eguna elkarren berri izan eta informazioa eguneratzeko; bazkari ederraz eta dantza eta musikaz ere gozatu zuten. Kopak altxatzeko momentuan, "gure artean jadanik ez daudenak" ere ekarri zituzten gogora.

Ramallo, Argentina. Denbora ez du etenik; baina iraganera lotzen gaituena ere egunera daiteke; izan ere, sare sozialetan, Facebooken hain zuzen, egin zuten Zavaletatarrek, 5. Zavaleteadan parte hartzeko deialdia. Proposamenak arrakasta handia lortu zuen eta erraz gainditu zuen 2007an elkartu ziren berrehun gonbidatuen kopurua.

250 izan dira Ramallo herriko Zavaletatarren etxera bertaratutako lagunak, adin guztietakoak. Batzuentzat, bidaia laburra eginez, hala nola Buenos Aires probintziako Acasssuso, Arrecifes, Colon, Florida eta hiriburuan bizi direnentzat. Beste batzuek, ordea, ordu askotako bidaia egin behar izan zuten. Hori izan zen Neuquen-etik bidaiatu ziren kasua. Eta dudarik gabe aipamen berezi bat merezi dute Mariano Zavaletaren familiakoek, elkarretaratzea ez galtzearren Mexiko DF eta Morelia hiri mexikarretik bidaiatu baitziren.

2014ko zavaleteada 2014 01

[Zavaletatarrak dantzan]

Baina 2014ko Zavaleteada-ren arrakasta ez da gonbidatuen kopurura mugatu. Familiaren adar eta zati berriak biltzeari ere badagokio. Topaketa hauetan inoiz parte hartu gabeko Josefa de Zavaleta-ren ondorengoak ere bildu zitzaizkion bilerari, familiaren historia jakin eta lehengusuen arteko loturak estutzeko asmoarekin. Gogora dezagun Josefa eta bere lau nebak Soraluzen, Gipuzkoan, jaio zirela Txurruka izeneko baserrian (jatetxea da gaur egun) eta XIX. mendearen amaieran argentinaratu zirela. Behin Argentinan nekazaritza eta abeltzantzan aritu ziren denak.

2014ko zavaleteada 2014 02

[Musika, kantak eta Zahato Txapelketa izan ziren jaiaren ekintzetako batzuk]

Martxoaren 23an burututako jaian, eta arbasoen omenez, Gernikako Arbola abestu zuten Zavaletatar guztiek. Horretaz gain, Euskal Herriko eta Soraluzeko baserrien argazkiak egon ziren ikusgai eta argazkiekin batera, zuhaitz genealogikoa. 

Familiako kide eta Argentinako euskal diasporaren erreferenteetako bat den Teresa de Zavaletak laburpen modura adierazi bezala, “250 bat bildu ginen eta ez geunden guztiak! Bazkari ederra partekatu genuen eta bazkalostean dantzatu, abestu eta zahatotik edan genuen. Egunean jarri ginen, azken bolada honetan utzi gaituztenak gogoratu eta jaioberrien etorrera ospatu genuen. Euskal Herritik Argentinara etortzera ausartu ziren gure arbasoen omenez egiten dugu gure Zavaleteada, eta horregatik esker beroak adierazi nahi dizkiegu sentimendu bera konpartitzen duten guztiei”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia