La Plata, Argentina. “Euskal sagardoaren historia” izenburuko hitzordu birtualera gonbidatu du Etxepare Euskal Institutuak La Platako UNLP unibertsitatean kudeatzen duen Euskara eta Euskal Kultur Irakurletzak. Euskal Herriko eta Argentinako euskal ekoizle bana bilduko dituen solasaldia bihar izango da, urriaren 29an, gaztelaniaz. Elkarretaratzea Zoom plataforman egingo da eta Facebookez ere transmitituko da.
Ekitaldiko gonbidatu eta protagonista nagusiak Jon Torre Gurutzealde eta Xabier Aguirre sagardo adituak izango dira. Sabrina Otegui irakurleak azaldu digunez, “Jon Torre Gurutzealde, Astigarragako Petritegi sagardotegiko eta Sagarlore hoteleko komunikazio arduraduna da. Esker beroak luzatu nahi dizkiogu Argentinako ordutegira moldatuko delako. Sagardoaren historiaz mintzatuko da, erromatarren garaitik hona. Xabier Aguirrek, berriz, Argentinako Txapela sagardoaren ekoizleak, Petritegiren errezetaz eta Patagonia argentinarreko sagarrez, euskal sagardoa nola egiten duen azalduko digu”.
Hitzordua, iluntzeko 19:30etan da, ordutegi argentinarrean, 23:30etan Euskal Herrian. Hitzaldira sartzeko datuak, hauexek:
Gaia: Euskal sagardoa (sidra vasca)
Link: https://zoom.us/j/96559847028?pwd=cXZRc1V5MFROcmlNVXAzMkx1Wm55QT09
Bileraren IDa: 965 5984 7028
Sartzeko kodea: 042572
Facebook, Euskara eta euskal kultura UNLPn
Irakurletzaren jarduerak pandemia garaian
Irakurletzaren ekintzei dagokienez, Otegui irakasleak jakinarazi digu munduko beste unibertsitate askotan bezala, eskolak birtualtasunera mugituta daudela. “2020ko ikasturte hasierak bat egin zuen Argentinan itxialdiaren hasierarekin eta horrek erabakiak oso azkar hartzera behartu gintuen. Lehenengo asteetan asko ikasi behar izan genuen guztiok. Egokitze denboraldi hori pasa eta gero, eta erritmoa hartuta, oso ondo joan da drna. Badakigu egoera ezohikoa dela eta bueltatu beharko garela aurrez aurreko klaseetara. Eta hori da gehien botatzen duguna faltan”.
“Urtea oso gogorra izaten ari da oro har eta ikasle askorentzat euskara eta euskal kultura eskolak aisialdi edo eguneroko gainerako gauzak alboratzeko ihesbide moduko zerbait dira. Orain esaterako, hasiak gara abenduko Euskararen Egunean pentsatzen. Ea distantziak eta ziurtasun neurriak zorrotz errespetatuz elkarrekin ospatzeko aukera daukagun”, guraritu du irakurleak.