euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: ‘Ekitatea’ erakundeko Paula Basalduak Garapen Ministerioaren Genero Kabinetea koordinatuko du

2020/11/10

Paula Basaldua Oñatin, 2016. urtean
Paula Basaldua Oñatin, 2016. urtean

PUBLIZITATEA

Jose C. Paz, Argentina. Paula  Basaldua soziologoak Argentinako Garapen Ministerioaren Genero Kabineteko koordinatzailea izendatu dutejoan den astean. "Genero berdintasunaren aldeko eskubideak sustatzen dituen” Ekitatea erakundeko erreferentea den adituak adierazi dio EuskalKultura.eus-i ekainean hasi zela Ministerioan aholkularitza lanetan, eta kabinetea sortzea erabaki zutenean, Matias Kulfas ministroak proposatu ziola kabineteko burua izatea.

Basalduak adierazi digu oso pozik dagoela “garai historiko honetako parte izateagatik”: “Gure garai honetan badakigu politika publikoek pertsonen bizitza hobetu dezaketela. Horregatik ardura handiz hartu dut kargu berria, bereziki genero-ikuspegiaren zeharkakotasun-estrategiei dagokienez, konpromisoak ekintza konkretu bihurtu behar direlakoan”.

“Lan eremu honetan daukadan ezagutzak", jarraitzen du Basalduak, "lotura handia du Euskadin dauden genero berdintasuneko esperientziekin; izan ere, nolabaiteko ‘itsasargia’ dira niretzat, zeharkakotasunaren abangoardian ikusten baititut eta genero-berdintasuneko garapen iraunkorraren erreferentzia gisa hartzen baititut. Ikuspuntu hauek indartu egin dira euskal argentinar gizataldean parte hartzen hasi nintzenean, bai ikerketa bai dibulgazio ekintzetan”.   

Azken puntu honi dagokionez, Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko kide ere baden Basalduak jakinarazi digu segituko duela harremanetan euskal etxearekin. Ikerlanarekin ere jarraituko du, zehatzago UnPaz Unibertsitatean eta Martin Colombet euskara irakaslearekin batera euskal migrazioari buruz, genero ikuspuntu batetik, egiten ari den lanarekin.

Zorionak, Paula!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia