Buenos Aires, Argentina. Maria Chivite Nafarroako lehendakaria Argentinara abiatuko da aste honetan eta bisita ofiziala hasiko du, abenduaren 8tik 13ra, helburu dituela bertako nafar komunitatea bisitatzea eta ekonomia eta enpresa izaerako harremanak sustatzea. Lehenari dagokionez, Mendozan 9, 10 eta 11an egingo diren Nafar Gizataldeen Topaketan (ikus albiste bereizia) hartuko du parte, Argentinako lau etxe nafarrak —Buenos Aires, Rosario, Mendoza eta Bolivar— partaide. Datorren larunbatean, abenduaren 10ean, Mendozako kaleetan egingo den kabalkada eta gauzatuko den dantza-erakustaldi eta festa izango dira aste honetako gailurra ostera ofizialean.
Mendoza ondotik Buenos Airesera itzulita, bidaiaren zati politiko, ekonomiko eta enpresarian sartuta, Chivite lehendakaria Alberto Fernandez presidentearekin bilduko da astelehenean Etxe Arrosan. Aurretik CONICET Zientzia eta Teknika Ikerketarako Kontseiluarekin bilduko da, eta iragarri da baita ere bilera bat Ricardo Geli, UBA Buenos Airesko Unibertsitateko presidentearekin, instituzio hau lankide baita UPNA Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.
Bidaian zehar Maria Chivite buru duen delegazioa nafar etxeetako ordezkariekin eta ekonomia eta enpresari lotutako solaskideekin bilduko da
Abenduaren 13an elkarretaratze bat egingo da berrogeita hamar bat enpresarirekin hizpide hartzeko besteak beste ekonomia, fiskalitatea, talentua, berrikuntza, digitalizazioa eta energia berriztagarriak. Partaide izango dira Maria Chivite bera eta bere gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosa. Ondoren, Nafarroako ordezkaritza Ikerketa, Garapen Teknologikoa eta Berrikuntza Sustatzeko Agentzia Nazionalarekin bilduko da, esan nahi baita Argentinako ikerketa zientifikoa, ezagutzaren sorrera eta produkzio-berrikuntza sustatzea, ekoizpen-profila eta biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzearren lan egiten duen erakundearekin.
Maria Chivite buru duen delegazioko kide dira, besteak beste, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosarekin batera Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Komunikazio eta Harreman Instituzionaleko zuzendari nagusi Miguel Moreno eta Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Perez.