euskal diaspora eta kultura
2012/05/14
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Argentinar hiriburuko Eusko Kultur Etxeak, edo ezagunagoa den moduan Eusketxek, euskal gaiez publiko interesatuari egiten dion kultur eskaintzarekin segitzen du eta gaur bertan, esaterako, Euskal Herria ezagutzeko hasimasi tailer bat hasiko du, Mariana Fernandez Castelli irakasle. Zortzi astez, astean behingo bilerekin gauzatuko da, ekimenaren helburua "Euskal Herriaren kultura eta errealitatea bere alderdi orokor eta oinarrizkoetan ezagutzera ematea" delarik. Aztertu eta hizpide hartuko diren gaien artean aipa daitezke "zenbait kontzeptu argitze aldera: Euskal Herria, Euskadi, Estatua, Nazioa...", "egungo banaketa politiko-administratiboa", sinboloak konparazio lauburua, Ikurriña edo Gernikako Arbola, geografia, historia, ohiturak, arlo ekonomikoa, joko eta kirolak, euskara, dantzak edo euskal emigrazioa bera. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, Mexiko 1880 helbidetik pasa daiteke asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara, edo telefonoz (11) 4381-4611ra deitu edo emailez eusketxe@gmail.com helbidera idatzi.
Datorren larunbaterako, maiatzaren 19rako, iluntzeko 8:30etan, hitzaldia iragarri du Eusketxek Euskal Mitologiaz, Diego Orellana hizlari, eta haren ondotik elkartasun afaria Maiatzaren 25a ospatzeko, tartean euskal eta argentinar dantzen emanaldi bat. Gogora ekartzen du baita ere hasia dela dantzen tailerra, "15 eta 95 urte bitarteko jendeentzat". Parte hartzeko ez du aurreko ezagutza edo esperientziarik eskatzen. Saioak larunbatetan dira, 19:00etatik 21:00ak bitartean.
Argazki lehiaketari dagokionez, berriz, "Euskal nortasuna" izenpean deitu du eta originalak aurkezteko epea luzatu egin du ekainaren 30era arte. Lehiaketak "artistak eragin nahi ditu, euskalduntasunaren arrastorik Argentinan eta munduan topatzera". Parte hartzeko oinarriak hemen irakur daitezke.
Sostengu-bonoak
Eusketxeren beste proposamenetako bat bere Arte Galeria da (datorren larunbatera arte Raul Perez Alonsok dauzka bere lanak erakusgai) eta horrekin batera Alboka Tailerra Mauro Telletxea irakasle, Gastronomia Tailerrak eta bazkide eta lagunen elkarretaratzeak hainbat dei edo euskal hitzordu direla-eta, konparazio Aberri Eguna, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena, Inauteria... Horien gastuei aurre egiteko, baina partikularzki auzitegian daukan prozedimentu bat kari erakundea pasatzen ari den estutasun ekonomikoa arintzeko, Eusketxek sostengu-bono batzuk plazaratu dituela gogora arazten du, jarraian islatzen dugun elkartearen oharrak ongi azaltzen duenez:
Eusko Kultur Etxearen Zuzendaritza Batzordeak, elkartea jasaten ari den estuasun ekonomiko larria kari, bere kontra gauzatzen ari den lan arloko auzia eragiten ari den gastuei aurre egiteko sostengu-bonoetako bat (edo gehiago) erostera gonbidatzen du.
Bonoen prezioa 100 (ehun) pesokoa da eta zuzenean ordain daitezke gure egoitzan edo honako kontu korrontean sartu: 0300975/4, Banco Francés- BBVA – Sucursal 329- CBU: 01703298 20000030097546
Euskal Herrian bizi bazara lagundu dezakezu, kasu honetan ordaina eurotan 17koa (hamazazpi) eginez eta ordainketa Euskadiko Kutxan gauzatuz, honako kontuan: 3035 0089 15 089 1 08076 5, Amurrioko Caja Laboralaren bulegoari dagokio. Sarrera eginda, abisatu mesedez emailez (eusketxe@gmail.com) edo faxez (00 54 11 43831529), sarreraren kopia bidaliz.
Mila esker zure laguntzaga eta elkartasunagatik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus