euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argazki kontzertu batek eta 'Eskizofonia' ikuskizunak itxiko dute gaur eta bihar Erromako Settimana Basca

2007/12/15

Maialen Lujanbio bertsolariak Ornitorrinkus ikuskizunaren emanaldian parte hartu zuen
Maialen Lujanbio bertsolariak Ornitorrinkus ikuskizunaren emanaldian parte hartu zuen

PUBLIZITATEA

Erromako Associazione Culturale Euskara elkartea Settimana Basca-ren (Euskal Astea) edizio berri bat ari da garatzen aste honetan, joan den astelehenean hasi eta bihar bukatuko dena. Euskal etxe erromatarraren proposamenak jarduera desberdin eta berritzaile ugari bilduko ditu astebururako: argazki kontzertu eta lantegi bat, euskal afrikar jaia eta Erromako kaleetan egingo den 'Eskizofoniari omenaldia' ikuskizuna, besteak beste.
Settimana-k hiru ekitaldi proposatzen dizkigu gaurko. Lehena eguerdiko ordubatean hasiko da, Asier Gogortzak aurkeztuko duen 'Argazki-kontzertu Kamera Iluna' ikuskizunarekin. T_Nello di Genzano aretoan (Via Perino, 4. Genzano) izango da ikuskizun kontzertua eta ikusleak kamera ilun baten barruan egongo dira. Jarraian kamera ilunari buruzko tailerra emango du Gogortzak berak.

Egun osoan zehar Genzanoko kaleak Omaggio alla Schizofonia ikuskizunaren agertoki bilakatuko dira eta larunbateko gaua berotzeko 'Jai Afroskalduna' egingo dute Erromako euskaldunek C.S.O. Il Cantiere elkartean, gaueko bederatzietatik aurrera. Bertan Hegokoak taldeko Eneko Alberdik perkusiojole afrikarrak izango ditu alboan kontzertuan. Sarrera doan.

Eskizofoniari omenaldia

Bihar Erromako kaleetan egingo dituzte jarduerak: Xabier Erkizia eta Iñigo Telletxeak bertan aurkeztuko dute Messaggi fuori luogo: omaggio alla SCHIZOFONIA -- 'Mezuak lekuz kanpo: Eskizofoniari omen' ikuskizuna. Gauean Settimana-ren azken ekitaldia egingo dute, euskal laburmetraia eta animazio filmeen emanaldiarekin Officine aretoan (via del pigneto, 215. Roma).

Ikuskizun eta artista ugari bildu ditu astelehenetik hona aurtengo Settimana Basca edo Erromako Euskal Asteak. Joan den astelehenean bertan Laura Mintegi idazleak estreinatu zuen Astea hitzaldi batekin. Mintegi Euskal Pen Club elkarteko lehendakaria de eta euskal literaturari buruz aritu zen Lo Yeti liburudenda-kafetegian. Asteartean, ostera, Blowclub aretoan Cronache basche - Euskal Kronikak dokumentala eta Storia Basche liburua aurkeztu zituzten. Dokumentala Angelo Miotto eta Matteo Scannik zuzendu dute eta liburuaren egileak Giovanni Giacopuzzi, Angelo Miotto eta Roberta Gozzi dira.

Bertsoak eta ornitorrinkoak

Asteazkenean, berriz, bi izan ziren eskainitako proposamenak, Circolo Gianni Bosio di cultura popolare (Via Sant'Ambrogio, 4 Roma) elkartearen laguntzarekin. Arratsaldeko zazpietan bertsolaritzari buruzko mintzaldia eskaini zen. Hizlariak Maialen Lujanbio bertsolaria, Sandro Portelli unibertsitate irakaslea eta Gianni Ciolli, poeta eta inprobisatzailea izan ziren.

Bi ordu beranduago Ornitorrinkus ikuskizunak hartu zuen agertokia. Ornitorrinkus musika, bertsoak eta elektronika batzen dituen proposamen berritzailea da, 'ornitorrinkoa bezain sailkaezina', bertan parte hartzen duten artisten esanetan. Maialen Lujanbio (ahotsa), Judith Montero (saxoa), Xabier Erkizia (ahotsa, elektronika), Iñigo Telletxea (soinua) eta Ibai Gogortza (argiak) dira taldea osatzen dutenak.

Afari euskal-sardiniarra

Ostegunean 'Eskizofonia' ikuskizunaren emanaldi bat egin zuten Erromako kaleetan. Aitzitik atzo, musika eta bertsolaritza saio berri bat gozatzeko aukera izan zuten Erromako euskaldunek eta euskararen lagunek, Maialen Lujanbio, Donato De Acutis eta Sardiniako inprobisatzaile baten eskutik. Euren ostean Duodorante ikuskizunak hartu zuen agertokia eta egunari bukaera emateko lagunarteko afaria egin zuten Euskal Herriko eta Sardiniako jakiekin.


Lotura interesgarriak

Associazione Culturale Euskara, Erroma, Italia
www.euskara.it

Ornitorrinkus ikuskizunari buruz
www.gara.net

Kuraia 2006ko Settimana Bascan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia