euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Argentinako euskal etxeetan bira antolatu nahi du aurtengo urte bukaerarako

2008/01/14

Orkestrako kideak Mexikoko Euskal Etxeko Loyola Jatetxearen parean
Orkestrako kideak Mexikoko Euskal Etxeko Loyola Jatetxearen parean

PUBLIZITATEA

Mexikoko euskaldunek 2004ean eta 2007an egin zieten harrera ona errepikatu nahi dute Aretxabaletako Akordeoi Orkestrako kideek eta Argentinako euskal etxeetan bira antolatu nahian dabiltza aurtengo urri alderako, datak zehazteke. Interesa eduki dezaketen euskal etxeei ahal bezain pronto orkestrarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen diete, beraz. Orkestrak musika desberdinak eskaini ditzake: euskal musika, munduko musika herrikoiak, klasikoa, tangoak eta baita haurrentzako kontzertu didaktikoak ere.
Hamasei urteko esperientzia du kontzertu eta biratan Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak. Denbora honetan Euskal Herrian zein atzerrian egin dituzte emanaldiak, Finlandia, Italia, Jugoslavia ohia, Alemania eta Danimarkan birak eginez. 2004an ezarri zuten euren lehenengo kontaktua euskal Diasporarekin, Acapulcon egin zen Euskal Etxeen Nazioarteko Mus Txapelketan. Mexikoko euskaldunekin harreman estua hasi zuten orduan eta joan den urtean esperientzia errepikatu zuten, Mexikon bigarren bira bat antolatuz, hamabi kontzertu emanez.

Orain Argentinako euskal Diaspora da ezagutu nahi dutena. Musikalki herri honekin harreman estuak ditu dagoeneko taldeak, izan ere bere lehenengo diskoan Astor Piazzola soinujole ezagunaren lanak grabatu zituzten. 'Chivilcoyko euskal etxea izan zen gurekin harremanetan jarri zena, Argentinan bira bat egin edota han kontzerturen bat emateko aukera ote genuen jakiteko', azaldu dio EuskalKultura.com-i Juanjo Orobengoa orkestrako zuzendariak.

[Goiko irudian orkestrako kideak Teotihuacaneko Eguzkiaren Piramidearen aurrean, Mexikora 2007an egin zuten biran (argazkia OAE)]

Musika klasikotik haurrentzako kontzertu didaktikoetara

Taldea bira egiteko gogotsu agertu da, baina ezinbestekoa dute lehenbailehen jakitea zenbat eta nongo euskal etxeek izan dezaketen euren kontzertu bat hartzeko interesa. Euskal etxe interesatuek lehen bait lehen kontaktatu behar dute taldearekin, orkestrak Eusko Jaurlaritzaren bira kulturaletarako laguntzak eskatzeko astia izan dezan, bidaiaren gastuak ordaintzen laguntzeko. Dagoeneko 7-8 bat euskal etxeen erantzuna jaso dute.

Taldeak eskaintzen duen musika proposamenak estilo desberdinak hartzen ditu: musika klasikotik hasi eta euskal musika herrikoia arte eta baita zenbait herrialdetako herri musika ere, Errusiakoa adibidez. 'Gure kontzertuak aretoaren arabera aldatzen dira. Soinu ona duen areto batean, adibidez, musika klasikoa eskaini dezakegu, baina plaza jendetsu batean agian musika herrikoia joko genuke', aipatzen du Orobengoak. 'Mexikon egin genuen azken biran, adibidez, 400 neska-mutilentzako kontzertu didaktiko bat ere eskaini genuen, eta sekulako esperientzia izan zen', gogoratzen du. Orkestra honen musika entzun nahi duenak taldearen blogean hainbat pieza aurkituko ditu.


Lotura interesgarriak

Aretxabaletako Akordeoi Orkestrari buruz
www.acordeones.es

Aretxabaletako Udala, Gipuzkoa
www.aretxabaleta.com

Akordeoi Orkestrak Mexikoko bigarren birari ekingo dio
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia