euskal diaspora eta kultura
2008/10/22
PUBLIZITATEA
Aretxabaleta, Gipuzkoa. Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Amerikan barrena hirugarren bidaia egingo du urriaren 30etik azaroaren 16ra. Aurrez 2004 eta 2007an Mexikora egindako bidaietan izandako arrakasta berdindu asmoz doaz, oraingoan Argentinara, bertako Euskal Etxe eta hirietan zortzi kontzertu emateko. Bidaiaren istorio txikia, buletin honetan Mexikoko biraz idatzitako artikulu baten ondorioz Chivilcoyko Euskal Etxean jaiotako interesaz hasi zen, Orkestrako zuzendari Juanjo Orobengoarekin kontaktatu ostean eta honen proposamen interesgarriaz jabeturik, Argentinako hainbat euskal etxeetan eta hirietan barrena kontzertuak antolatzeari ekinez. Ekonomikoki, bidai gastuen zati bat Eusko Jaurlaritzaren bira kulturalen programari eskatu zitzaion.
Orkestra urriaren 30ean abiatuko da Buenos Aires hiriburura, eta iritsi bezain pronto autobusa hartu eta La Platako Euskal Aste Nazionalera joango dira, bertako Euzko Etxean urriaren 31an kontzertua eskaintzeko. Hortik Mar del Platara abiatuko dira azaroren 3an, astelehenean, bertako Denok Bat Euskal Etxean jotzeko. Biharamunean Bragadoko Danak Anaiak Euskal Etxean arituko dira eta azaroaren 5ean, asteazkena, Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxean.
Birritan Chivilcoy-n
Hurrengo egunean, azaroak 6, Chivilcoyko Musika Kontserbatorioan arituko dira akordeoi-joleak, Beti Aurreraren eskutik hor ere. Larunbatean, azaroak 8, Villa Mercedesko Euskal Etxean joko dute eta azaroaren 9an Merlo hirian, San Luis probintzian oraindik ere. Parana-ra abiatuko dira ondoren, azaroaren 11n, Urrundik Euskal Etxeak antolaturiko kontzertuan aritzeko. Amaiera gisa, Buenos Aires-era itzuliko dira, bidaiaren abiapuntura, azaroaren 14ean, larunbata, hiriguneko antzoki batean kontzertua eskaintzeko, azaroaren 16ean itzultzeko Euskal Herrira.
Bidaian 27 lagunak hartuko dute parte, horietatik 22 musikari eta beste bost 5 laguntzaile. Diru laguntzak bidaiako gastu guztiak betetzen ez dituztenez (hegazkina, autobusa bi gidariekin, ostatua...), hainbat ekimen garatu dituzte dirua biltzeko, tartean zozketak, herriko jaietan txozna bat jartzea, eta beste batzuk.
Orkestrak errepertorio zabala du, kontzertua emango den lekuaren eta publikoaren arabera aldatzen dena; berdin jotzen dute musika klasikoa, modernoa, tradizionala-herrikoia, ekialdeko Europakoa, euskal autoreenak edota Astor Piazzola argentinarrarena. Orkestra ezpal oneko musikari gazteek osatzen dute, 16 eta 26 urte bitarteko neska-mutilek, adierazi du Orkestako zuzendari Juanjo Orobengoak.
Lotura interesgarriak
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus