euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aretoa jendez mukuru eta zinea, poesia eta dantza uztartuz aurkeztu zuen bere burua Berlingo Euskal Etxeak

2010/11/04

Mikel Aristegi dantzariak 'Euskal Herria' izeneko pieza dantzatu zuen, Sarrionandia eta Leteren poemetan oinarrituta (argazkia BerlinEE)
Mikel Aristegi dantzariak 'Euskal Herria' izeneko pieza dantzatu zuen, Sarrionandia eta Leteren poemetan oinarrituta (argazkia BerlinEE)

PUBLIZITATEA

Berlingo Euskal Etxearen lehen ekitaldi ofiziala, bere aurkezpena alegia, alemaniar hiriburuko euskaldunentzat topagune bikaina bihurtu zen joan den larunbatean. Berlineko eta inguruetako lagun asko bildu ziren ekitaldira, Regenbogebfabrik-eko aretoa bete arte. Askok zutik edo lurrean eserita ikusi zituzten ekitaldiko filmeak, eta Mikel Aristegi dantzariak immigrazioaz eta atzerriratzeaz egin duen 'Euskal Herria' koreografia aurkeztu zuen.

Berlin, Alemania. Gustura agertu dira Berlineko Euskal Etxeko kideak joan den larunbatean egin zuten aurkezpen ekitaldiak jasotako harrerarekin. Internet, facebook, telefonoz eta komunikabideen bitartez eginiko deialdiak jende asko bildu zuen. Berlin Europan kultur eskaintza aberatsenetakoa duen hirietako bat da eta asko dira  bertara bizitzera joan diren euskal artistak, profesionalak eta ikasleak. Horietako askok begi honez eta gogotsu hartu zuten euskal kultura ezagutzera emateko aukera hau.

"Ekitaldiak arrakasta handia izan zuen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Berlineko Euskal Etxeko lehendakaria den Ainhoa Añorga donostiarrak. "Regenbogebfabrik-eko aretoa beterik zen eta jendea zutik gelditu edo lurrean eseri behar izan zuen Mikel Aristegiren 'Euskal Herria' dantza eta filmeak ikusteko". Haur eta nagusi, euskaldunak zein beste herrialdetako lagunak bildu ziren ekitaldira. Partehartzaileen artean Kataluniako Alemaniako ordezkaria eta Berlingo Cervantes Institutuko Kultur ordezkaria izan ziren, besteak beste.

Elkarteko arduradunek ongi etorria egin eta Berlineko Euskal Etxea aurkeztu ostean Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentala eta Berlinen 2009ko urrian egin zen Euskal Koreografoen 1.go Jaialdiaren bideo eman ziren ikusgai.

Berlineko Euskal Etxearen aurkezpena 2010 (1)

[Ainhoa Añorga euskal etxeko lehendakariak ongi etorria egin zien elkarteko bazkide eta lagun berriei (argazkia Berlin EE)]

Berlineko Euskal Etxearen aurkezpena 2010 (2)

[Askok zutik edo lurrean eserita jarraitu behar izan zituzten aurkezpeneko bideo emanaldiak, aretoa txiki gelditu baitzen (argazkia Berlin EE)]

Berlineko Euskal Etxearen aurkezpena 2010 (3)

[Berlingo euskaldun askok erantzun zioten Euskal Etxearen deialdiari, Europako kultur hiriburuetako bat den honetan ere euskal kultura ezagutzera emateko gogoz (argazkia BerlinEE)]

Ondoren Mikel Aristegi dantzari donostiarrak immigrazioaz eta atzerriratzeaz egin duen 'Euskal Herria' koreografia aurkeztu zuen. Koreografia hau Joseba Sarrionaindia eta Xabier Leteren olerkietan oinarritua da eta jendeak emozio handiz jarraitu zuen emanaldia. Dantzaren ostean, baserritarrez jantzita, Aylin neskatila euskalalemanak lore sorta bat eman zion Aristegiri, Euskal Etxeko kideen izenean.

Berlineko Euskal Etxearen aurkezpena 2010 (5)

[Mikel Aristegi dantzari donostiarrak opari bikoitza jaso zuen: lore sorta eta erramua eman zion Aylen neskatilaren irribarre polita (argazkia BerlinEE)]

Jaiak pintxo dastaketa batekin jarraitu zuen eta giroa eginda, Berlineko euskaldunak kantuan aritu ziren eskusoinuaz lagundurik, 'Gernikako Arbola' abestuz. Egunari bukaera emateko afaria egin zuten Regenbogen-eko Jatetxean. "Hurrengoan leku handiago bat hartu beharko dugu, ezin izan genituen-eta nahi izan zuten guztiak onartu afarira, leku falta zela eta", aipatzen du Ainhoa Añorgak. "Kide berriak ere baditugu eta ziur nago denbora gutxi barru izango dela hurrengo bat. Jendeak agurtzean hurrengo afariko data galdetzen zuen!".

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia