euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ardo, elikagai eta berriztagarriak, Miguel Sanz presidentea Washingtona egiten ari den bisitako ardatz

2010/02/16

Sanz presidentea eta Barcina alkatea Washington DCko Ardo eta Elikagai Azokan ardogile nafarretakoa zen Otazu konpainiakoarekin
Sanz presidentea eta Barcina alkatea Washington DCko Ardo eta Elikagai Azokan ardogile nafarretakoa zen Otazu konpainiakoarekin

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetara egiten ari den biadaiaren azken txanpan, Miguel Sanz presidentea buru duen ordezkaritza nafarra partaide izan da Washington DCn Nafarroako ardogintza eta elikagai produktuen sustapenarekin zerikusia daukaten ekimenetan zein energia berriztagarrien arloan Nafarroak egin ditzakeen ekarpenak sustatu nahi izan dituztenekin. Lehenengoei dagokienez, Nafarroako Gastronomia Astean parte hartzeaz gain, lehenengoz ardo, patxaran eta olio nafarrek parte hartu dute Washingtongo Ardo eta Elikagai Azokan, presidentea lekuko. Bigarrengoen kasuan zenbait ekitaldi eta bilkura egin ditu nafar ordezkaritza ofizialak AEBetako Administrazio, enpresa eta arduradunekin.

Washington DC, Estatu Batuak. Miguel Sanz buru, nafar ordezkaritza ofizialak Washington DC International Wine & Food Festival izenekoaren hamaikagarren edizioa bisitatu eta bertan, lehenengoz, parte hartzen zuten enpresa nafarrak agurtu zituen, antolatzaileekin ere bilduz. Ardogintza arloari dagokionez, seirehun bat ardo zeuden erakusgai eta dastagai, ehun bat bodegaren emaitza, horien artean zenbait Nafarroakoak.

Azokara egindako bisitaldian, ofizial nafarrek opari bat egin zieten antolatzaileek, hala nola Ardoaren Kultura liburuaren ingelesezko edizioa, Nafarroako Gobernuak berak argitaratu eta duela gutxi nazioarteko sari garrantzitsu bat eskuratu duena.

David Yarnoz sukaldaria La Taberna del Alabarderon

Ostiral iluntzean eta hiriburuko La Taberna del Alabardero jatetxe ezagunean --Lezama apez euskaldunak fundatua, bere burua Spanish gisa saltzen jatetxe aitzindari honek euskal sukaldaritza egin izan du eta euskaldunak izan ditu bere chef eta laguntzaileetako batzuk--, 'El Molino de Urdániz' jatetxearekin Michelin izar bat lortua duen David Yarnoz sukaldari nafarrak eta bere taldeak nafar produktuez egindako bigarren afari bat eskaini zuten --lehenengoa New Yorken izan zen-- Estatu Batuetako ardo eta elikagai banaketarekin lotura zuten laurogeita hamazazpi gonbidaturentzat.

Menuko platerak: beira (vieira) porru oinarriduna, izokia barazkiekin, oilasko iztarra huts erara lur-saltsaz eta kafe mousseaz. Bertaratutakoek bere oniritzia eman zioten, aho batez esan daiteke. Afariaren hondarrean sukaldariak afaltiarrekin mintzatzen aukera izan zuen, mahaietatik pasatu zenean. Txaloak ere eman zizkioten.

Energia berriztagarrien plan nafarra

Energia berriztagarrien gaiari dagokionez, ostiralean bertan Sanz presidenteak azalduak zituen Nafarroak arlo honetan dauzkan planak eta apustuak Washingtonen bertan eta Elcano Institutuarekin batera eta Espainiako enbaxadari Jorge Dezcallar-ek aurkezturik eginiko ekitaldi batean.

Amerikaren Aurrerapeneko Zentroaren egoitzak, bere aldetik, Nafarroako presidenteak eta Estatu Batuetako gobernuko Energia Departamenduko Plan Estrategiko eta Azterketa zuzendari David E. Rodgers-en hitzaldiak bildu zituen.

Iraunkortasunaren aldeko burruka

Miguel Sanzek aukera baliatu zuen datozen urteetan Nafarroako Gobernuaren energia berriztagarri arloko politika definituko duten bederatzi proiekturen berri emateko. Iragarri zuen bederatzi proiektu horietako bostek oinarri hartuko dituztela energiaren erabilera arrazoitsua, etxegintza iraunkorra, domotika aplikatzea, berrikuntza edo innobazioa, eta herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak.

Beste lauak lotuak dira energia btotoboltaiko eta eolikoaren erabateko integrazioarekin, generadore minieolikoak tarteko, hiri barneko eremuetan, "lurraren iraunkortasunaren aldeko burruka hirietan irabazki behar baita, lehen bait lehen behar baitute sartu berriztagarrietan oinarritutako energia ereduan".

Barcina Kongresuko Liburutegian

Ostiral arratsaldez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roig, Jose Javier Armendariz eta Esteban Morras-ek, Etxe Zuritik aurreko eguneko bileran egindako eskaera bati jarraiki, lan saio bat burutu zuten Rick Duke, Energia Departamenduko Politika Klimatiko idazkariordearekin.

Bere aldetik, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak Washingtongo Kongresuko Liburutegiak antolatutako ekitaldi batean hartu zuen parte, erakunde horrek, George Washington Unibertsitateak eta Georgetown Unibertsitateak koordinaturik.

Sanferminen Museoa

Bestela ere, Iruñeko alkate Yolanda Barcinak Sanferminen Museoa aurkezteko xantza euki zuen, Iruñeko Zezen Plaza ondoan eraikuntza lanak datozen asteetan hasiko dituena, 2012an bukatzeko asmotan.

Alkateak Hemingway eta Sanferminei buruzko bideo batzuk aurkeztu zituen, baita Museoaren itxuratze birtual bat ere bere gaikako atalekin. Publikoak ongi jaso zituen informazioak, gehienak aldez aurretik entzuna baitzeukaten Iruñeko eta sanferminetako berri.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia