euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zure bizkaitar arbasoen berri lortu nahi? Zatoz BEHAk Boisen, Idahon, egingo duen Genealogia Tailerrera

2011/10/04

Cenarrusa Foundation-ek antolatu duen Genealogia lantegiaren afitxa
Cenarrusa Foundation-ek antolatu duen Genealogia lantegiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa (BEHA-AHEB) Boisen izango da hilaren 12tik 16ra, Cenarrusa Foundation elkarteak gonbidatuta, genealogia tailer bat emateko. Tailer honetara biltzen diren lagunei BEHAko datubasean euren arbaso bizkaitarrei buruzko informazioa (bataio-agiriak, ezkontz-agiriak...) aurkitzen lagunduko diete. Baina Artxibategiaren asmoa zabalagoa da, Anabella Barroso zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez: "Artxiboa nola erabili azaldu nahi dugu; izan ere, guretzako oinarrizkoa da erabiltzaileek artxiboari etekina ateratzea". Horretarako, Diasporako euskal etxe eta elkarteetan lantegi praktikoak emateko prest agertzen da.

Derio, Bizkaia. Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboak bi teknikari bidaliko ditu datorren astean Boisera, Idahora, han artxibategiaren berri eman eta internet bidezko datu-basea nola erabili erakuts diezaien. Teknikariak Cristina Castillo, artxibategiko katalogazio eta informatizazio arduraduna, eta Asier Romero, digitalizazio prozesuaren arduraduna, izango dira. Cenarrusa Foundation elkarteak gonbidatu ditu Boisera.

Idahon bizkaitar jatorria duten euskaldun asko daude eta BEHAren hitzaldiak eta mintegi praktikoa oso interesgarriak izango dira sustraien bila hasi direnentzat. Mintegia hilaren 14 eta 15ean egingo da, eta 30 lagunentzako lekua baino ez dago bertan (adi, beraz, parte hartu nahi duenak!). Ekimena Boiseko Cenarrusa Fundazioak antolatua da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Bertan BEHAko teknikariak era praktikoan erakutsiko diete partehartzaileei artxiboaren webgunean arbasoei buruzko informazioa bilatzen eta eskuratzen. Partehartzaile bakoitzak ordenagailu bat izango du eta bertan BEHAko webgunean argazkiak, mapak, jaiotze eta heriotz-agiriak, ezkontza datuak... bilatzen, eskatzen eta inprimatzen ikasiko dute. Artxibategiak Bizkaiko elizbarrutietako dokumentazioa jasotzen du eta dokumentu zaharrenak 1500 urtekoak dira.

-Lantegiari buruzko informazio gehiago, hemen

Beste euskal etxe batzuetara zabaltzeko prest

Anabella Barroso BEHAko zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, artxiboak berebiziko garrantzia ematen dio difusioari, hau da, artxiboak eta bere webguneak eskaintzen dituzten aukeren berri erabiltzaileei jakinarazteari, ahalik eta modurik eraginkorrenean erabil ditzaten. BEHAren webgunea --eta Derion dagoen artxibategia bera-- sarrera librekoak dira eta bertan genealogia zaleek eta sustraien bila ari direnek, 16. mendetik erregistro zibilak hasi ziren arteko Bizkaiko datuak eskura ditzateke.

Askotan internet bidez heltzen direnek ez dute argi nola erabili behar duten webgunea, edo nondik hasi bilaketak egiten. "Guretzat oso inportantea da erabiltzaileek datuak egoki baliatzea, gure artxiboari etekinik handiena ateratzeko", berresten du Barrosok. "Diasporatik eskari asko jasotzen ditugu eta erabiltzaile horiei laguntzeko, prest geundeke euskal etxeetan lantegiak edo solasaldi praktikoak antolatzeko. Interesik ikusten badugu, pentsatuko dugu nola egin".

-BEHA-AHEB webgunea, hemen



Komentarioak

  • Gai inportantea diasporarentzat

    Diasporako kideak dokumentatzeko eta euskal arbasodunak diaspora aktiboko kide bilakatzeko tresna ederra da hau. Dakiten eta bere datuak eta historia ezagutzen dituzten pertsonak behar ditu Euskal Herriak eta diasporak. Zorionak Bizkaiko Foru Aldundiari eta ea etsenplua ugaltzen den!!

    Behatzaile bat, 2011/10/05 10:50

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia