euskal diaspora eta kultura
2009/12/10
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. Jende multzo polita inguratu zen astearte iluntzean Ayacuchoko Euskal Etxearen egoitzara, Ama Birjinaren adbokazio euskaldun honi bere bizitoki berrian sarrera egiten laguntzera. Ekitaldia edertzen, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko abesbatzako kideak, Martin Tubariño gidari euskal errepertorioko kantuen alboan aukera honetarako propio prestatutako erlijio kantu bat eskainiz, euskal etxe tandildarrean pertsona erreferentziala den Isidro Legarretari laguntzen etorriak.
[Jargiratze ekitaldia edertzeko, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko abesbatza inguratu zen. Argazkian, bere zuzendari Martin Tumbarino Ayacuchoko EEan]
Izan ere, Arantzazuko Ama Ayacuchon jargiratzea Tandilen gazterik bizitzera etorri zen Isidro Legarreta hernaniarrak eta bere emazte Mari Carmen Dindartek iazko ekainean Euskal Herrira eginiko bidaiarekin lotua dago, bikotea Arantzazura joan eta han Basilikako aldarean dagoen Ama Birjinaren estatuaren erreplika ekarri baitzuten Argentinara; orain, Ayacuchoko Euskal Etxeari doaitza gisa emana dioten estatua da, polikromatua, originala bezala tamaina txikikoa.
[Fermina Mariezkurrena Ayacuchoko Euskal Etxeko zuzendaria, Arantzazuko Ama Birjinaren estatua ipintzeko egindako egurrezko etxetxoaren ondoan]
Debozio hazkorra Argentinan
Ayacuchoko Euskal Etxeak legarretatarren doaitza begi onez onartu eta Ayacucho bertako Julio Ibarra zurgina jarri zuen irudiaren etxetxoa izango zena egiten, egurrez, eta kristal batetik ikusgai, enbor pusketa baten gainean ezarria, enborrean plaka batek estatua zer den adierazten duela, plaka ere oparia izanik, kasu honetan El Taller-eko Lamesarena.
Hori guztia inauguratu zen asteartean, Arantzazuko jargiratze berria eginez. Ez da, ordea, lehena, aspaldidanik baitabil Arantzazuko Andra Maria Ameriketan bueltaka, normalean euskaldunei edo euskal gizataldeei loturik. Argentinan, Arantzazuko Ama Birjinaren aldeko debozioa berritu ere egin da azken urteotan, hala nola Victorian (Entre Rios) edo San Fernando, Arrecifes edo Lujan-en (Buenos Aires probintzian). Are gehiago, Euskal Etxe batzuk ere lagundu dute adbokazioa berritzen eta orain Ayacuchon bezala, Euskal Herritik ekarritako estatuak jargiratu izan dira azken urteotan Chivilcoy eta Villa Mercedesko Euskal Etxeetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus