euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arantzazu Amezagak "On Manuelen gizatasuna eta adorea" nabarmendu zituen Manuel Irujo saria jasotzerakoan

2016/06/13

Arantzazu Amezaga Irujo sariaren ezaugarri den Seiburua eskuetan Koldo Viñuales Irujo Etxeko lehendakariarekin (argazkia Noticias de Navarra)
Arantzazu Amezaga Irujo sariaren ezaugarri den Seiburua eskuetan Koldo Viñuales Irujo Etxeko lehendakariarekin (argazkia Noticias de Navarra)

PUBLIZITATEA

Diasporari zinez lotutako Arantzazu Amezaga Iribarrenek (Buenos Aires, 1943) Lizarran jaso zuen 2016ko Manuel Irujo saria. 2001etik herri nafar honetan egoitza duen Irujo Etxeak ematen duen sari hau joan den ostegunean hasi zen herriko Santiago Plazan --Irujo familiaren etxe aurrean-- dantzaturiko ohorezko Aurreskuarekin eta ekitaldia, segidan, Montejurrako Partzuergoko hitzaldi-aretora pasatu zen, jendez mukurru. Ruben Usuaren Noticias de Navarrako kronika laburbildu dugu hona.

Ruben Usua / Lizarra, Nafarroa. Ereintza abesbatzak edertu zuen ekitaldia, eta eurak emaniko lehenengo ongi etorriaren ondotik, Koldo Viñuales abiatu zen, lehenik Amezagaren ibilbide luzea gogora ekarriz, lehenengo, bere erbestealdiarekin Hego Ameriketan eta ondoren itzulerarekin Euskal Herrira, Nafarroara hain zuzen. "Zure lanak eta On Manuelen oroitza biziarazteko zeure adoreak doaike bideratzen zaituzte haren izena daraman saria eskuratzeko".

Segitu zuen esanez ez dela "batere erraza idaztea bizitza oso batean ezagutu, miretsi eta maitatu izan duzun gizon batez (zure senar Pello Irujoren osaba baitzen). Baina 18 urtetan zehar ikerketa eta alderatze lan zorrotza egin zenuen, bere liburu guztiak, bere artikulu eta hitzaldiak soseguz berrirakurriz, emaitza legez eskaintzeko 'Manuel de Irujo, un hombre vasco' liburua.

Argitalpen hori ez da soilik biografia bat, "ia 100 urteko abertzaletasunaren historia biltzen baitu, Nafarroatik Euskal Herri osora". Horregatik, "Irujo Etxeak eta abertzale guztiek eskertu beharra dizugu obra hori, On Manuel ideia eta proiektuetan batzeko aukera ematen baitigu, bateginik segi dezagun guztion aberria behar duenaren eraikuntzan".

Ez zuen Viñualesek ahantzi omendutako emakumearen Fundazioarekiko lankidetza eskertzea, ez eta bere literatur lana "Nafarroako historia herritarrengana hurbiltzearren"; hitz hunkigarri batzuekin bukatzeko: "Hainbeste identifikatu zara On Manuelen diskurtsoarekin, azkenean haren ahots bilakatu zarela, gaur egun oraindik ere hitz egiten digun haren ahotsa", esan zuen.

Karrika Lizarran

Musika-eten baten ondoren, 35 urtetan parlamentari, diputatu eta senadore jeltzale izandako Iñaki Anasagastik hartu zuen hitza, erbestean Amezaga eta haren senar Pello Irujorekin une ugari elkarbanatu izandako pertsona. Metaforaz eta oroitzapenez betetako hitzaldi batean, Amezaga definitu zuen "idazle, ama, emazte eta aktibista" gisa. "Gustu oneko piropoak gustatzen zaizkion feminista eta altzairu erdoilezinezko borrokalari" gisa.

Esan zuen ezinezkoa dela Arantzazu Amezaga ulertzea "bere gurasoak gabe" edo Caracasko Eusko Etxea gabe eta Manuel Irujoren figura gabe, azken hau "20. mende osoko nafarrik garrantzitsuena" bezala aipatuz, "politikoa bokazioz. hitz larriz politikoa zena" eta "Nafarroako egungo gobernuarekin pozez legokeena".

Omenduari bere saria eta Seiburu tradizionala emateko unea iritsi zenean, "oso hunkiturik" jaso zuen Arantzazu Amezagak. "Zinez ohoratua sentitzen naiz jasotzen dudalarik. Bizitza osoko lagun dudan Iñaki Anasagastiren hitzak eta Irujo Etxeko lehendakariarenak sakon iritsi zaizkit bihotzean", aitortu zuen.

Amezaga behin eta berriro itzuli zen hizketan ari zela aretoaren buruan zegoen Manuel Irujoren argazkiari so; gogora ekarri zuen soilik bost bat urte zeuzkala ezagutu zuela, Montevideoko aerodromoan. Haren "adore eta gizatasuna" azpimarratu zituen, "gizon bakegile". Berarekin izan zituen gainerako elkarretaratzeak ere aipatu zituen, dagoeneko familiako kide bezala, eta etxeratzea 1977an. Baita haren heriotzaren momentu latza ere (1981) eta nola animatu zen haren biografia idaztera, erronka horri eustera.

Ez zuen unea pasatu nahi izan eskatu gabe Udalari (aurreikusia eta deliberatua du dagoeneko udalbatzak) eskaintzeko Irujori "plaza bat, karrika bat edo bazterren bat hainbeste maite izan zuen hiri honetan; erbestean guztiok ezagutzen genuen Lizarra (beragatik). Erreferente historiko inportantea izan zen oso eta penagarria da gera ez dadin joan zitzaigun gizon honen oroitzapen bat; horiek baitira gomuta merezi duten gizonak, ohoreko gizonak, leialak ideologia bati, baina bakegileak". Familiarentzat ere izan zituen hitzak, bere semeentzat bereziki. "Niretzat beste Irujo sari bat dira, markatu genien bidea segitu dute". Ereintzaren musikak eta txistulariek Agur Jaunak joz amaitu zuten ekitaldi hunkigarria.

DETAILEAK

Gonbidatu asko. Euren artean Nafarroako lehendakariorde Manu Ayerdi eta Jose Luis Mendoza kontseilaria; Iñaki Anasagasti; Koldo Leoz alkatea eta Lizarrako zenbait zinegotzi, EH Bildu, Geroa Bai, Ahora-Orain eta PSNkoak; foru parlamentariak, hala nola Maria Solana eta Unai Hualde; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, esaterako Estefania Beltran eta Jose Manuel Bujanda; Euskadi Buru Batzarrekoak eta Nafar Buru Batzarrekoak; Sabino Arana Fundaziokoak; Euskaltzaindikoak; Eusko Ikaskuntzakoak; Nafarroako Ikastoletakoak; eta, bistan da, Irujo Etxekoak. Ez ziren falta izan Geroa Baiko Kongresu eta Senadurako hautagai Anika Lujan eta Daniel Innerarity hurrenez hurren, beste hainbaten artean. Jakina, ez ziren Amezagaren familiakoak falta izan, tartean semeak, errainak eta bilobak, lagundu nahi izan baitzioten honelako egun hain berezi batean.

(gaztelaniaz Noticias de Navarran argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia