Zurrumurruek ziotenez Radio Euzkadi, frankismo garaietan Venezuelako euskal gazte batzuek gidatzen zuten irrati emisora klandestinoa, munduan zehar zebilen itsasontzi batetik emititzen zen. Frankoren aliatuek irratia aurkitu eta ixtera behar ez zitzaten asmatutako gezurra zen, noski. Pello Irujok, irratiko sustatzaile eta esatariak, asmatu zuen txaluparen kontua eta txalupa imajinarioa horretatik munduko berri ematen zieten Euskal Herrian errepresiopean bizi zirenei. Orain, Pello Irujo hil eta sei hilebetera, Arantzazu Ametzaga emazteak garai haietako testigantza dakar gogora, 'La txalupa de Radio Euzkadi. Una semblanza de Pello Irujo Elizalde' lanean. 'Aurkezpenean lagun asko etorri zen niregana, 'Ni ere txaluparia naiz' esanez', azaltzen du hunkituta. Euskal-venezuelar gazte haien abenturak Euskal Herrian eta Diasporan izan zuen oihartzunaren seinale.
Altzuza, Nafarroa. 'Idazkuntza prozesua katarsia izan zen', gogoratzen du Arantzazu Ametzagak Altzuzako etxean. Bizitzako lagun izan zuen Pello Irujo senarraren heriotza gainditzeko bidea. 'Joseba Azkarragak (Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak) doluminak bidali zizkidan Pelloren argazki batekin; Saharaui Irratiaren kartel baten azpian agertzen zen eta horrek emisora abian jarri genueneko ezkonberri garai haiek ekarri zizkidan gogora', azaltzen du.
Prozesu horren ostean sortu den liburua, abentura hura izan zenaren 'istorio intimoa', Justizia sailak argitaratu du memoria historikoari buruzko bilduma batean, eta dagoeneko agortu egin da. Irratia sortu zutenak Pello Irujo, Iñaki Anasagasti, Alberto Elosegi, Xabier Leizaola, Jose Joaquin Azurza eta Yokin Intza izan ziren, Caracaseko EGI taldeko kideak. Ekimena euskal komunitateari aktualitate politikoaren berri emateko sortu zen, eta Euskal Herrian bizi zirenek Diasporako euskaldunak ere euren alde lanean ari zirela jakin zezaten. Irratia sortzeko ideia aspalditik zuten buruan taldeko kideek, baina kostu ekonomikoa zela eta ezin izan zuten abian jarri... 'Jokin Azurzak petrolio konpainia bati dorreak eta emisora zahar bat prezio onean erosi zizkion arte', gogoratzen du Arantzazuk. Irratia 1966ean hasi zen lanean.
Ametzagak berak ere lagundu zuen ekimenean, testu batzuk idatziz. 'Nik ezin nuen esatari lana egin, nire azentoa entzunda nondik ari ginen asma zezaketelako. Pellok bai, berak ahots ederra zuen eta identifikatu ezin zen euskal azentoa', azaltzen dio EuskalKultura.com-i. Emisorak Caracasetik 30 kilometrotara zegoen La Virginia izeneko arrantxutik emititzen zuen, baina txaluparen istorioa frankistek eta euren aliatuek irratia aurkitu eta emisioak eten ez zitzaten asmatu zen.
Eskerrak Venezuelari
'Venezuelako espainiar enbaxada gure atzetik zebilen beti, emisoraren bila, baina venezuelar gobernuak Xabier Leizaola gure kontaktuari abisua eman eta bakean uzten gintuzten', gogoratzen du Ametzagak. 'Asko daukagu Venezuelari eta Latinamerikako beste herrialdeei eskertzeko, euskal erbesteratuei egin ziguten harreragatik eta eman ziguten tratuarengatik'.
Radio Euzkadik oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian frankismoaren zentsurarik gabeko berriak entzun nahi zituzten euskaldunen artean, eta baita Diasporan ere. 'Bai, irratiak zuen oihartzunaren jakitun ginen. Entzuleek, laguntzeko taloiak bidaltzen zituzten Parisera, Eusko Jaurlaritzaren egoitzara, eta handik Manuel Irujok Pellori bidaltzen zizkion', azaltzen du. Irratiaren eragina hain izan zen handia, 60. hamarkadako Aberri Egunen deialdia Venezuelatik egin zela.
Agur 1977an
Urte askotako lanaren ostean, irratiaren agurra 1977an heldu zen. Behingoagatik irrati baten itxiera alaia izan zen, frankismoa bukatuta erbesteratuak Euskal Herrira bueltatzen ari zirelako. 'Pello Irujok azken emanaldia egin zuen Amayan', gogoratzen du Arantzazuk. Bukaera alaia, bai, baina 'bera negarrez ari zen. Hamahiru urtetako lan gogorra eta zirraragarria zihoan han, eta berak bukatzeko 'Agur' bakarrik esatea erabaki zuen, euskaraz agur kaixo eta agur izan daitekeelako. Venezuelatik ere agur baino ez zuten esan'.
Liburuak orain, garai haietako lana, engaiamendua eta euskal-venezuelar gazte talde honen abenturak jasotzen ditu. Abentura izan zelako egunero Venezuelatik izkutuan euskaraz eta gazteleraz ordu erdiko berri buletin bat prestatzea eta emititzea. Irratiak ez zuen sekula beste 'txaluperoekin' zuen hitzorduan huts egin.
[Datozen egunetan EuskalKultura.com-ek liburu honen ale bat zozketatuko du gure irakurleen artean. Zozketan parte hartzeko zer egin behar den azalduko dugu hurrengo artikulu batean]
Lotura interesgarriak
Arantzazu Ametzagaren hitzak liburuaren aurkezpean
-Iñaki Anasagastiren blogean