euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleak Alemanian izango dira asteburuan euren lana aurkezten

2008/11/12

Edorta Jimenez (bigarrena ezkerrean) eta Arantxa Urretabizkaia (bigarrena eskubitik) iazko Frankfurteko Azokan 'Bost Kultura'ko taldearekin (argazkia Bost Kultura)
Edorta Jimenez (bigarrena ezkerrean) eta Arantxa Urretabizkaia (bigarrena eskubitik) iazko Frankfurteko Azokan 'Bost Kultura'ko taldearekin (argazkia Bost Kultura)

PUBLIZITATEA

Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleak Alemania aldera abiatuko dira ostiralean, asteburuan zehar bi eleberri aurkezteko Nürnberg eta Wiesbaden hirietan. Bira Bost Kultura taldeak eta Pahl-Rugenstein argitaletxeak antolatu dute. Argitaletxe honek euskal literatur lanak argitaratzen ditu alemanieraz, Zubiak izeneko bildumaren barruan. Iaz Urretabizkaiaren 'Kuaderno gorria' ('Das rote Heft', alemanieraz) eta Jimenezen 'Kilkerren hotsak' ('Der Lahm der Grillen', itzulita) argitaratu zituen. Iaz ere izan ziren bi egileak Alemanian euren lana aurkezten, eta alemaniar irakurleen harrera onak lagunduta, aurten ere zuzenean aurkezteko aukera izango dute.

Donostia-San Sebastián. Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleak ostiralean abiatuko dira Alemaniara, asteburuan zehar alemaniar irakurleen aurrean 'Kuaderno gorria' eta 'Kilkerren hotsa' eleberrian irakurraldiak egiteko asmoarekin. Bi lanak Pahl-Rugenstein argitaletxearen Zubiak izeneko euskal literatura bilduman argitaratuak izan dira. Argitaletxe honek, Bost Kultura taldeko itzultzaile eta euskaltzale alemaniar taldeak lagunduta, euskal egileen lana Alemanian ezagutzera emateko asmoa du.

Urretabizkaiak eta Jimenezek larunbatean emango dute lehenengo irakurraldia, Nürnberg hirian, bertako "Linke Literaturmesse" liburu azokaren barruan. Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da eta bertan egileek Petra Elser itzultzailearen laguntza izango dute, lanen alemanierazko pasarteak irakurtzeko eta idazleen solasaldia itzultzeko. Eurekin batera Arnold Bruns editorea ere izango da, Zubiak bildumako beste aleak aurkezteko.

Nürnberg-eko "Linke Literaturmesse" azokaren hamairugarren edizioa izango da hau eta ohi bezala, azoka handietan lekurik ez duten argitaletxe txiki eta alternatiboei emango die tokia. Azoka ostiralean hasi eta igandean bukatuko da eta kultur programazio paralelo aberatsa izango du, egileei euren lana aurkeztu eta irakurleekin hartueman zuzena emateko aukera eskainiz. Azokari buruzko informazio gehiago, www.linke-literaturmesse.org webgunean.

Bigarren emanaldia Wiesbaden-en egingo dute, Wiesbaden eta Donostia hiri senidetuen lagun elkarteak antolatutako ekitaldian. Senidetze honek 27 urte bete ditu jada eta elkarte euskal-alemaniar honek kultur ekintza asko egiten ditu urtean zehar bi hirien arteko harremanetan sakotzeko. Aurten, lehenengo aldiz, euskal literatur irakurraldia egingo dute. Ekitaldia igandean, arratsaldeko zazpi t'erdietan hasiko da "Presseklub" foroan. Ondoren Wiesbaden-eko udaletxeak harrera egingo die euskal idazleei. Informazio gehiago: www.pcwiesbaden.de.

 

Lotura interesgarriak

Zubiak bilduma
www.zubiak.de

Bost_Kultura
www.bostkultura.net



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia