euskal diaspora eta kultura
2014/05/15
PUBLIZITATEA
Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Buenos Aires erdigunea ikurrinaren kolorez jantzi zen joan den igandean. Buenos Aires Hiriak babestuta eta Laurak Bat Euskal Etxea antolatzaile, milaka jendek hartu zuen parte Mayo Etorbide inguruetan, herrialdeko presidentearen Etxe Arrosa soilik metro batzuetara, "Buenos Aires celebra..." (Buenos Airesek ospatzen du...) jaiaren edizio barri batean, Euskal Herriari eskainia. Euskal-argentinar andana bat eta euskaldunez eta euren kulturaz interesatutako beste hainbat pertsona parte hartzaile, euskal musikak, kulturak, bizitasunak eta euskal giro eta sentimendu sakon batek hiriburu argentinarraren bihotza konkistatu zuten.
-Kontent? Euskal Herria ardatz antolatutako 'Buenos Aires celebra...' jaiak arrakasta lortu zuen joan den igandean... eguraldiaren batere laguntasunik gabe.
-Eguraldiak ez zuen, ez, batere lagundu, eta hala ere zirraragarria eta atsegingarria izan zen publikoaren erantzuna ikustea; ikustea gazteen eta hain gazte ez zirenen jarrera, borondate eta poztasuna, dantzan eta kantuz euskaraz, baita euripean ere. Arrakastatsua izan zen.
-Zer da zehazki 'Buenos Airtes celebra' ekitaldia?
-Buenos Aires Hiriko Kolektibitateen Zuzendaritzak sustatzen duen festa bat da, 2009an hasia hiriko kolektibitateek aukera izan zezaten euren kultura, historia eta identitatea erakutsi eta elkarbanatzeko herrikide eta turista guztiekin. Mayo Etorbidean antolatzen da, Buenos Airesko erdigune historiko eta zibikoan. Besteak beste hortik pasa dira italiarra bezalako kolektibitateak, grekoa, irlandarra, brasildarra, errusiarra, ukainarra edo mexikarra.
-Nola sortu zen Euskal Herria ere hor sartzea?
-Hiriko gobernuak Laurak Bat-ekin kontaktatu eta bilera batzuren ondoren ulertu zuten gure errealitatea eta gure ezaugarriak kolektibitate desberdindu gisa kontsideratuak izateko. Gogoan hartu zuten Laurak Baten ibilbide sendoa, 137 urte segidan erakunde bezala hiriari ekarria egiten. Lehenengo edizioa 2012ko abuztuan egin genuen eta hiriko euskal erakunde guztiei luzatu genien parte hartzeko gonbidapena, harrera ezinhobez. Euskal Echea eskolak ere [1904an sortutako eskola da, milaka ikasle dituena] baietz esan eta bere ikasleak deitu zituen bertara. Bigarren edizioa 2012ko abuztuan izan zen eta ia hogei mila jende pasatu ziren, telebista kateak bertaratu ziren unitate mugikorrekin eta oihartzun handia lortu genuen hedabideetan. 2013 urte lanpetua izan zen eta beste hamaika lan eta ekitaldik kendu ziguten denbora eta, beraz, aurtengo maiatzeraino atzeratzea erabaki genuen, berriz ere arrakasta lortuz, "euria aurkari" (irribarrez).
-Nola garatu zen festa?
-Euskadiko herrietako festen modura. Kalean txosnak ipinita, horietako askotan janaria kozinatzen eta zerbitzatzen, stand-ekin kultura aurkezten, argitalpenak, musika, instrumentuak, argazkiak, foiletoak, baserrien maketak... Abizenen jatorria kontsulta zitekeen eta Euskal Herriko mapa baten gainean kokatu, espazioak zeuden txikienak marraztu, kantatu, ipuinak entzuteko... Euskal etxe asko euren gastronomiarekin etorri ziren... Bi oholtzetan banatuta, emanaldiak etengabe eta aldi berean ari ziren, taldeen eta dantzarien ikuskizunak eskaintzen, sukaldaritza klaseak zeuden chef ezagunen eskutik... Aurten herri kirolak ere sartu ditugu, General Las Herasko Euskal Etxearen partaidetzari esker, eta Eusko Jaurlaritzak txosna instituzionala ezarri zuen, bertatik pasatu zirela, esaterako, Toti Martinez de Lezea idazlea eta La Oreja de Van Gogh taldea, Argentinako birako kontzertuetarako txartelak zozketatzen. Arratsalde erdian Donostiako Danborrada ere egin zen.
-Ze aurpegiak ikusten ziren? Nola erreakzionatzen zuten ikusleek?
-Momentu biziki hunkigarria izan zen, nire ustez, Gure Esku Dago ekimenarekin bat egiteko eskuz-eskukako katea osatu zenekoa. Oholtzatik abiatu eta bi bloketan zehar luzatu zen. Ikuskizuna ahaztea zaila izango da, ikustea ehundaka, milaka euskaldun eta argentinar bat eginik ekimen herritar honi sostengua ematen. Beste momentu gogoangarririk ere izan zen, esaterako Euskal Echea eskolako ikasleen desfilea, hasieran, Danborrada, La Oreja de Van Gogh-eko kideen presentzia, sukaldaritza kalseak Itziar Aguirre eta Takehiro Ohno chef-ek gidatuta... Polita iruditu zitzaidan, pasadizo gisa, Ohno chefak, Donostian bizi eta trebatutako sukaldari japoniarra denak, Danborradan parte harztea eskatu zigula. Esan zigun betidanik izan zuela gogoa, baina Donostian beti tokatzen zitzaiola lana eta ez zuela sekula hala izan. Beraz, barrila eta mantala soinean, irribarrea alderik alde zeramala atera zen danborrero.
[Gure Esku Dago ekimenaren aldeko giza katea joan den igandean Buenos Aires Celebra egunaren barne, argazkiaren erdian, beste hainbatekin eskuek elkartuta, Arantxa Anitua bera ikus daitekeela (argazkiaEE)]
-Uste duzu egiazki posible dela Euskadi ospatu eta sentitzea hama milatik gorako distantzia tartean?
-Ni Hernani eta Arteagako euskaldunen biloba naiz. Nire aiton-amonek Laurak Bat-en ezagutu zuten elkar, eta baita nire gurasoek ere; gu ere hemen hazi eta bizi izan gara, Laurak Bat gure bigarren etxe eta familia bezala izan baita, eta harro bizi dugu euskaldun izatea. Ez dut uste hango jende askok igarri ere egingo dionik nola eta ze sentimentu sakonez bizi dugun hemen gure euskaltasuna. Argentinako diasporak oso aspaldidanik sostengatzen du euskal sentimendua Euskaditik 14.000 kilometrotara, kulturaz, tradizioz eta engaiamenduz, erne gure Euskal Herri maitean gertatzen ari denaz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus