Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritzak zabaldutako prentsa oharrak dioenez, atzo goizean Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela egindako bere lehenengo bilerarekin geratu zen formalki eratuta Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea. Bertan argitzen denez, organo berria gizarte zibilak parte hartzeko foroa izan dadin eratu da, Euskadi-Basque Country nazioartekotzeari buruzko eztabaida sustatzeko eta aholku emateko. Partaideak, Euskadiko eragileak dira, eta batzordekideek nazioarteko esparruaren ezagutza zabala eta askotariko profilak dituzte; besteak beste, soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa, adierazten du oharrak.
Honela, Eusko Jaurlaritzaz gainera, beste hainbat erakunde ere ordezkatuta daude batzordean: euskal unibertsitateak, korporazio teknologikoak, merkataritza-ganberak, Guggenheim Museoa, Basque Culinay Center, Mondragon Internazionala eta Munduko Nekazaritza Foroa, besteak beste. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, bestalde, nazioartean eragina duten bost pertsona ospetsu proposatu ditu batzordekide izateko, hala nola: Eneko Landaburu, EBko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi ohia; Ana Maria Correa, Michell Bacheleten lehenengo gobernuko Ekonomiako zuzendariordea; Kirmen Uribe, euskal idazlea eta Narratiba Sari Nazionala; Ana Maria Arriola, Euskadiko GGKEen Koordinakundeko burua; eta Arantxa Anitua, Buenos Aireseko Laurak Bat-eko, munduko Euskal Etxerrik zaharreneko, burua.
Bilerara bertaratutako partaideei zuzendutako hitzetan Lehendakariak nabarmendu zuen batzorde berri hau eratuta nolabait ere jarraipena ematen zaiola “Euskadi nazioartekotzeko bideari”, gogoratuz legealdiko lehenengo erreferentea 2013an aurkeztutako Basque Country Estrategia izan zela, eta ondorengoak Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020 (2014ko apirila), Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra (2015), eta Basque Consortium gida (2015).
“Gure helburua da aurrera elkarrekin egitea, zuek Batzorde honetan ordezkatzen dituzuen eragileen bitartez. Eta mahai honen inguruan elkartu diren ezagutza, esperientzia eta nazioarteko joan-etorriak aprobetxatu nahi ditugu, beraz, foro hau elkarrekin gogoeta egiteko tokia, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako eta sareko lanerako topagunea izan dadin”, esan zien bertaratutakoei.
Euskadi munduan: xifrak
Topaketan 2020rako Basque Country Estrategiaren 2014-2015eko Jarraipen Txostena eta Ildo Nagusiak aurkeztu ziren, eta mahaigaineratu zen, baita ere, Euskadiren nazioartekotzeko prozesuaren “erradiografia”, hau da, Euskadiren presentzia globala ezagutzeko eta presentzia horren jarraipena egiteko adierazle-sistema, azpimarratu dute Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusitik.
2014-2015 biurtekoaren analisiaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparruetan guztira 827 ekintza gauzatu dira bi urte hauetan: 324 2014an eta 503 2015ean.
Horrela bada, Euskadiko erakundeak (Eusko Jaurlaritza) 74 herrialdeetan daude Belgikan, Argentinan, Txilen, Kolonbian, Estatu Batuetan eta Mexikon kokatutako sei ordezkaritzen bitartez; eta 10 bulego daude ekonomiaren eta merkataritzaren esparruko interesak ordezkatzeko SPRI sarearen bidez.
Bestalde, Euskadi Erkidegoan 41 herrialdetako kontsulatuak daude, eta horietako ekonomiak munduko BPGren % 30,8 dira.
Eta, hortaz gainera, euskal enpresak 94 herrialdetan daude eta 1.680tik gora daude atzerrian ezarrita.
2015ean euskal herritar bakoitzak, batez beste, 14,28 euro jarri zituen Nazioarteko Garapenerako Lankidetza proiektuetarako.
Interneten munduko hizkuntzen % 5 bakarrik erabiltzen dira, eta horietako bat euskara da; sarean nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzetako 44.a
Euskaditik esportatzen diren tarteko teknologiako eta goi-teknologiako produktuak esportazio guztien % 51,9 izan ziren 2015ean.
Horiek izan ziren mahaigaineratutako xifretako batzuk.
Hona Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordeko kide diren pertsonak eta ordezkatzen dituzten erakunde edo sektoreak.