euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aralarko Mikel Deunaren eguna astebeteko jai egitarauarekin ospatuko du Mar del Platako Denak Batek

2012/09/20

Denak Bat-eko Aralarko Mikel Deunaren jaietako afitxa
Denak Bat-eko Aralarko Mikel Deunaren jaietako afitxa

PUBLIZITATEA

Urtero legez, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak jai egitarau zabala antolatu du Aralarko Mikel Deunaren eguna ospatzeko. Elkarteko patroia da santua eta ospakizun hauek euskal etxearen tradizioaren parte bilakatu dira jada. Jarduerak atzo bertan hasi ziren, pilota txapelketa batekin, eta irailaren 29a arte (Mikel Deunaren eguna) luzatuko dira. Tartean, genealogia hitzaldiak, Itziar Aguirre sukaldariaren "pilpileando" ekimena, irakurketa maratoia eta Euskal Taberna jaia egingo dira Denak Bat-en.

Mar del Plata, Argentina. Denak Bat Euskal Etxea buru-belarri da jada Aralarko Mikel Deunaren ospakizunetan, elkarteak urtero antolatzen duen astebeteko egitarauaz gozatuz. Jarduerak atzo bertan abiatu ziren, euskal etxeko Teyú Cuaré izeneko frontoian jokatu ziren pilota partidekin.

Hurrengo ekitaldia bihar bertan egingo da: Laura Nobile genealogia adituak emango duen hitzaldia. Nobilek genealogiari buruzko hitzaldi eta lantegi asko eman ditu Argentinako euskal etxeetan azken hilabeteetan eta gaia interes handia ari da pizten euskal komunitateko kideen artean.

Gastronomia eta elkartasuna

Larunbatean ospakizunek euskal gastronomia eta gizarte-ekintza uztartuko dituzte, Itziar Aguirre sukaldari euskal-argentinarraren bisitari esker. Aguirre "Pilpileando" izeneko egitasmoa ari da sustatzen eta horren baitan Argentinako euskal etxeetan euskal sukaldaritza lantegiak ematen ari da. Lantegien prezioa sinbolikoa da: jaki ez galkor bat ematea, "Pequeños gestos, grandes logros" Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat. Patricia Sosa kantariak sortu zuen erakunde hau, toba herriari laguntzeko. Larunbateko lantegia 19:00tan hasiko da eta ondoren pintxo dastaketa egingo da euskal etxean.  

Hurrengo ekitaldia asteazkenean, irailaren 26ean izango da, pilota txapelketaren finalekin. Ondoren, ostegunean, Xabier Unanuek hitzaldia emango du Euskadiko gaur egungo egoerari buruz, urriaren 21ean EAEn egingo diren hauteskundeei begira. 

Azken txanpa

Ostiralean, irailaren 28an, euskal etxean irakurketa-maratoia egingo da, eta larunbatean, Mikel Deunaren egunean, ospakizun nagusien txanda helduko da. Jarduerak 19:00tan hasiko dira, Pedro eta Cecilia Santuen Katedralean egingo den mezarekin. Meza ostean dantza erakustaldia egingo dute Mar del Plata, Balcarce eta Maipu-ko euskal etxeetako dantza taldeek. Egunari eta astebeteko ospakizunei bukaera emateko, Euskal Taberna bat (euskal jai bat) egingo da Denak Bat-eko Areto Nagusian.

Informazio gehiago, Mar del Platako Denak Bat elkartearen webgunean, hemen, eta Facebook orrian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia