euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arabako baserrien izenak gehituta dator "Gure Abi-izenak" liburua, euskal abizenen jatorri diren baserrien zerrenda

2015/03/23

"Gure Abi Izenak" liburuaren azken bertsioa, Arabako etxe eta baserrien datuak gehituta
"Gure Abi Izenak" liburuaren azken bertsioa, Arabako etxe eta baserrien datuak gehituta

PUBLIZITATEA

Iñigo Rementaria gernikarra genealogian aditua da eta iaz "Gure Abi Izenak" ikerketa eskaini zigun, EuskalKultura.com-eko irakurleekin partekatzeko. Liburu horretan Rementeriak hainbat euskal abizenen sorburua diren Bizkaiko eta Gipuzkoako baserriak bildu ditu. Orain, urrats berri batean, Arabako datuekin osatu du lana eta beste behin ere EuskalKultura.com-eko irakurleentzako eskuragarri jarri ditu.

Ereño, Bizkaia. Oikonimoak edo etxeen izenak, horiek dira Iñigo Rementeria gernikarraren "Gure Abi Izenak" liburuaren oinarria. Euskal abizen asko etxearen izenetik sortuak dira eta Rementeriak euskal baserri eta etxeen zerrenda bildu du lan honetan. Liburuan baserriaren izena eta abizen hori agertzen den dokumenturik zaharrenaren datuak ematen ditu ikerleak.

Liburuaren aurreneko edizioan Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak bildu zituen Rementeriak. Orain, Arabako informazioak gehitu dizkio lanari, eta aurrekoan bezala, internet jarri du, erabiltzaileen eskura. Mila esker, Iñigo!

Rementeriaren genealogia zaletasuna orain 25 urte hasi zen, gernikarrak bere familiaren zuhaitz genealogikoa osatzeari ekin zionean. Derioko Eleiz Barrutiko Artxiboetan ikertzen hasi zen eta han konturatu zen abizen asko etxeetatik hartuak zirela. Jaime de Kerejetaren "Casas solariegas de Bizkaia" liburuari esker jabetu zen oikonimoen garrantziaz.

"Adibidez, Foruko bataio liburu bategaz nabillela abizen bat txarto irakurtzen zan, Tomelburu, Torrelburu, Tonelburu, batek ekien. Kerexetaren liburua hartun eta bertan agertzen da: Tonelburu (baserria), Forua (herria). Orduntxe konexioagaz konturatu nintzen: abizen-baserria, baserri-abizena. Zeinek sortzen dau zein? Baserriak abizena sortzen dau", dio Iñigok.

Rementeria Ereñon (Bizkaia) bizi da eta herri txikia izanik, bertan hasi zuen oikonimoen ikerketa. "Argi eta garbi ikusi neban zeintzu ziren gure abizenak: gure antzineko baserrien izenak. Non ikusten ziren? Herri bakoitzeko artxiboko libururik zaharrenetan", dio.

Apurka apurka, Bizkaiko datuak biltzen hasi zen, gero Gipuzkoakoak, eta, urrats berri honetan, Arabakoak. Lan horretan oso lagungarri izan du elizbarrutietako artxiboen digitalizazioa. 2005. urtean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Eliz Barrutiko Artxiboek bataio, ezkontza eta heriotza partidak digitalizatu eta interneten eskuragarri jarri zituzten. Egun, edonork kontsulta ditzake Dokuklik webgunean.

Edizioa osatuta, Rementeriak genealogia ikertzen ari diren euskaldunentzat eskuragarri jarri du lana sarean. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz dago. "Gure Abi Izenak" ikerketaren azken bertsioa irakurtzeko, jo hona.

Euskal genealogiari buruzko informazio gehiago euskal genealogia ikerlarien elkartean: Antzinako.

Antzinako Facebook-en, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia